Enpresen egoera ezagutzen

Uda iritsi, aste berria hasi eta ekimen berri bati ekin diogu. Aurten martxan jarri dugun krisiaren aurkako planaren diseinuan orduak eta orduak eman ditugu, lurraldearen egoera aztertzen eta enpresen zailtasunak arintzeko formulen bila. Asteak eman ditugu Plan beraren laguntza lerroen nondik norakoak zehazten eta, deialdiak egin eta erabaki ondoren, Aldundiak lagunduko dituen 182 proiektuak zuzenean ezagutzeko bidea zabaldu genuen atzo. Guztiak banan bana ukitzeko aukera zaila bada ere, zenbaki horren atzean ezkutatzen den errealitatera hurbiltzeko asmoa dugu.

Atzo Oarsoaldea inguruko bi enpresen ateak zeharkatu genituen Jose Ramon Guridik eta biok: Oiartzungo Salto Systems eta Pasaia inguruko Likuid Nanotek. Biak egitasmo gazteak eta proiekzio handikoak. Saltoren kasuan, adibidez, harro sentitu nintzen bertako sarrailak mundu osoan ezarrita dauden produktuak direla entzun nuenean. Bertan sortzen eta ekoizten diren produktuak Heathrow aireportuko 5. terminalean edo Frantziako Assamblée Nationalean ikus ditzakegu.

Egia da hori ez dugula berria, aspaldi baitabiltza gure enpresak euren produktua nazioarteratzen, baina garai zail eta konplexu honetan enpresen ausardia eta kemena gertutik sumatzen dituzunean, halako poz berezia pizten zaizu Aldundiak bultzatutako laguntza ekimenak eraginkorrak izan direla entzuterakoan.

Elkarlanean krisiari aurre egiteko

Legealdiaren hasieratik gure Gobernu taldeak elkarlanaren eta lidergo partekatuaren aldeko apustua egin du. Hasieratik argi izan dugu Gipuzkoak aurrera egiteko guztion elkarlana beharrezkoa dela. Erakunde publikoek, enpresa pribatuek nahiz hiritarrek bidea elkarrekin egiten badugu, askoz Gipuzkoa oparoagoa izango dugu bihar. Politika ulertzeko eta egiteko modu berri honek, kultura politiko berri honek, bati baino gehiagori eragin dizkio zalantzak. Baina guk argi daukagu gure lurraldeak aurrera egingo badu gakoa elkarlana dela.

 Aste honetan bertan ospatu dugu milaka gipuzkoarrok Realaren igoera. Krisi garai honetan, guztiontzat pozgarri ederra izan da gure taldearen garaipena. Eta neurri batean, adibide ere izan behar du guztiontzat. Izan ere, Realaren arrakastaren oinarrian esfortzua, talde-lana, etengabe saiatzea, eta batez ere jokalari, direktibo eta zaleon elkarlana egon da.

Krisialdi honetan ere, nahitaez elkarri eskua emanda joan behar dugu gipuzkoarrok aurrera. Gipuzkoako Foru Aldundiak Krisiaren Kontrako Plan zabala jarrita dauka martxan, eta dagoeneko ari da bere fruituak ematen. Baina ez gara plan bat behin egitearekin konformatzen. Etengabe joan nahi dugu gizarteko erakunde, talde eta pertsona guztiekin batera krisitik irteteko neurriak hartzen eta bultzatzen. Badakigu guk bakarrik ezin dugula lortu, eta horregatik, aurrera egiteko prest dauden guztiei lagundu nahi diegu. Argi daukagu, krisitik irteteko ere (Reala bigarren mailatik lehen mailara igotzeko bezala) elkarlana ezinbesteko izango dela.

Bihar, ostirala, Gipuzkoako enpresari eta ekintzaile gazteekin elkartuko naiz goizeko 9:30etatik aurrera (blog honetan bertan Internet bidez jarraitu ahalko da topaketa, eta parte ere hartu ahalko da Twitter eta Facebook bitartez). Aldundiak krisitik irteteko eta ekintzailetza bultzatzeko egindako lana azaldu nahi diet. Baina batez ere, entzutera joango naiz biharko topaketara. Gure lurraldeko eragile ekonomiko gazteek, euren enpresa aurrera ateratzeko apustua egin dutenek, zein iritzi eta behar dituzten jakin nahi dut. Haiekin elkarrizketa eduki nahi dut eta aurrera begira elkarrekin lan egiteko alboan izango nautela esan nahi diet. Gipuzkoak guztion elkarlanarekin bakarrik egingo baitu aurrera.