Gipuzkoako hondakinen konponbidea

Konponbideak eman nahi ditugu EAJ-PNVtik. Gipuzkoako hondakinen kudeaketa dela eta, Bilduk gobernatzen duen Diputazioak nahiago izan du Batzar Nagusietan gehiengo absolutuz hartutako erabakiak betetzeari uko egitea. Inposizioa eta iruzur demokratikoa besterik ez, konponbiderik gabeko irtenbidea.

Izan ere, Bilduk zuzentzen duen nahasmendu zeremonia xelebrean gaude murgildurik, arazoa kudeatzeari uko egin baitio, irtenbidea atzeratuz eta Gipuzkoako hondakinen zati handi bat Nafarroako Funesera edo Iparraldeko Itsasura eramanez. Izugarrizko kostu handiko apustua, bai energiari, ingurumenari begira eta baita ekonomikoki ere. Hain da kostu handia, non ezer ez egiteagatik Gipuzkoari, interesetan bakarrik, hilero 600.000 euro kostatzen zaion. Gastu izugarri horren arrazoia Zubietako errauskailuan kudeaketarako sisteman ixteko proiektua gelditu izana izan da. Egoera horri buelta emateko konpromisoa hartu dugu. Premiazkoa izaten segitzen du gure hondakinen kudeaketari errematea emateko sistemak, balorizazio energetikoarekin, ekologian tradizio handia duten herrialdeetan bezala, hala nola, Alemanian, Suedian, Danimarkan edo Suitzan.

Atez Atekoaren inposizioa dela eta, herri kontsultei bultzada emateko konpromisoa hartzen dugu. Eta zergatia oso sinplea da, herritarrekin aurretik inolako adostasunik edo aurre-lanketarik gabe inposatu duelako Bilduk Atez Ateko bilketa sistema. Sistema hori, gainera, txip elektronikoa duen bosgarren edukiontzia jarriz, asko hobetu daiteke, hondakinak behar bezala apartatzeko herritarren nahimena errazten baitu. Beraz, herritan kontsultak egiteko konpromisoa hartzen dugu, baita aurreratuena den bilketa sistemarekin ere. Horretarako, ordea, askoz ere hobea izaten da gizartearen inplikazioa, eta ez gutxiengoak aldebakartasunetik hartutako inposizioa.

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralarekin gaude konprometituta, eta horren datuak teknikoki eta objetiboki berrikustearekin, baita Gipuzkoan, benetan sortzen dugun hondakinen egiazko inbentarioarekin ere.

Europar Batasuneko datuek eta hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzeko punta-puntan dauden Alemania, Suitza, Danimarka eta Suedia bezalako herrialdeetako datuek argi erakusten dute, ez dela benetako hipotesia Bilduk gura duen “0 zabor” horretara iristeko aukera kimerikoa. Denok dakigun bezala, birziklatu ezin den hondakinik ez da lurruntzen, ezta desagertzen ere. Bilketa eta kudeaketarako edozein eremutan, beti geratzen da hondar zati bati eman beharreko itxiera ziklo bat. Eta ziklo horrek, Alemania, Suitza, Danimarka eta Suedia bezalako herrialdeetan bezala, balorizazio energetikora garamatza berriro ere, gure gizartearentzat beroa eta/edo argindarra sortzeko balorizaziora. Inondik ere ez da ikusten, Batzar Nagusietan Bilduk defendatzen duen hondakinen fardelen zabortegi berriak egitearekin. Beraz, zabortegi berriak egitea baztertzeko konpromisoa hartzen dugu eta, bereziki, Zestoako Osinbeltz zabortegia egitea baztertzen dugu.

Irtenbidea ez baita berriz irekitzea, ez berriak egitea, ezta hondakinak garraiatzea ere. Aspalditik dago idatzita irtenbidea, Bilduk aplikatu nahi ez duen Gipuzkoako hondakinen plangintzan: hondakinak sortzea murriztu, apartatu, hondakinak birziklatzen eta berrerabiltzen jarraitu eta, birzikla ezin den hondar zatiari Zubietako balorizazio energetikoko plantan errematea ematea.

EAJ/PNVn konpromisoa hartuta dugu Gipuzkoako hondakinen kudeaketari behin betiko erantzuna emateko. Indarrean dagoen plangintza behar bezala eguneratu eta zeukan eta daukan irtenbidezko kudeaketa, gehiengo politiko handiarekin, gainera. Beste gai askotan bezala, Europako iparraldeari begiratzeko garaia da. Irtenbide gehiago eta hipotesi eta esperimentu gutxiago eskatzen du gure gizarteak.

Gipuzkoa hondakinen arazoari konponbidea emateko gure proposamen osoa hemen duzu irakurgai www.markelolano2015.eus

Ingurumenaren alde bosgarren edukiontzia eta beste hamaika neurri

Aste honen hasieran, bosgarren edukiontzia Gipuzkoako beste zazpi mankomunitatetan zabaltzeko hitzarmena sinatu dugu. Hitzarmen honen ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiak 400.000 euro inbertituko ditu hondakin organikoak bereizita jasotzeko edukiontzi edo kontainerrak gure lurraldeko herri gehienetara zabaltzeko. Sasieta, Urola Kosta, San Markos, Urola Erdia, Tolosaldea, Txingudi eta Deba Barrenako mankomunitateekin hitzartutakoari esker, edukiontzi marroiak laster izango ditugu kaleetan. Helburua argia da: 2016. urterako hondakinen %60 arte birziklatzea eta hondakin organikoen %10arekin konposta egitea.

Pauso garrantzitsua eman dugu hitzarmen honekin eta ingurumenaren aldeko apustuan, ezinbestekoa gainera. Baina ezin dugu bosgarren edukiontzia zabaltzea neurri puntual bat bezala hartu. Legealdiaren hasieran idatzi genuen kudeaketa plan estrategikoaren zazpi helburu nagusietako batek honela dio: “Ingurumena zaintzea, hondakinen tratamendu orokorra, uraren ziklo integrala eta energia berriztagarriak sustatzearen aldeko apustua eginez”. Helburu estrategiko orokor hori lortzeko, azken ia lau urte hauetan hainbat neurri eta ekimen martxan jarri ditugu, eta gaur, Gipuzkoa duela lau urte baino hobeto dago ingurumenaren zainketari dagokionez.

Gaur egun hondakinen %40 birziklatzen da Gipuzkoan, eta kontziente gara ez dela nahikoa. Horregatik jarri dugu helburu lorgarri bat 2016 epemugatzat hartuta: %60ra iristea. Europako herrialde aurreratuei begiratzen badiegu, ikus dezakegu Suedian adibidez %35 dela oraintxe bertan birziklapen maila, eta buruan Alemanian, %48 dela. Espainian, berriz, %14 baino ez da birziklatzen. Birziklapenaren aldeko bide honetan, bosgarren edukiontzia ia herri guztietara zabaltzeak pauso kualitatibo handia ematen lagunduko digu.

Birziklapena bultzatu arren, ordea, badugu arazoa birziklatu ezin diren hondakinekin. Guk sortzen dugun zaborretik ahalik eta gehien birziklatu ondoren ere, eta hondakin organikoekin konposta egin ondoren ere, badago zati bat birziklatu ezin dena. Orain arte dena zabortegietan pilatzen joan gara, baina bukatu da zabortegien garaia Gipuzkoan. 2008. urtean itxi genuen hainbat burukomin eman dituen San Markoseko zabortegia, eta laster itxiko ditugu Lapatx, Sasieta eta Urteta ere. Horien funtzioa betetzeko, eta birziklagarriak ez diren hondakinei irtenbidea emateko, Zubietako hondakinen kudeaketarako zentroa abian jarri dugu. Erraustegia kokatuko den plataforma prestatzeko lanak abian dira, finantziazioa garantizatuta dago eta 2013. urterako martxan egongo da. Polemikarik gabe izan ez bada ere, gipuzkoar guztion ongizaterako beharrezkoa den proiektua gauzatzetik gertu dago.

Baina, agerikoa denez, ingurumenaren aldeko gure lau urtetako politika ez da hondakinen kudeaketara bakarrik zuzendu. Uraren kudeaketan eta energia berriztagarrien aldeko apustuan ere egin dugu bidea. Ibiurreko urtegia amaituta, Tolosaldeko eskualdean bizi diren 60.000 pertsona baino gehiagori kalitateko ur hornidura eskaintzen ari gara. Modu honetan, Gipuzkoako urtegien sarea amaitutzat eman dezakegu. Hala ere, lehorte garaietarako arazo gehien egon daitezkeen hainbat gunetan ur putzuak egokitzen ari gara batetik, eta araztegien sarea osatzen bestetik. Hamahiru araztegirekin osatuko da gure lurraldeko sarea. Dudarik gabe, urari dagokionez, pribilejiatuak gara gure lurraldean, baina dugun hornidura egokiak ez gaitzala gehiegizko kontsumora eraman. Uraren kontsumo arduratsua guztion egitekoa da. Energia berriztagarriei dagokienez, hainbat udaletan proiektu fotovoltaikoak martxan jarri ditugu eta auto elektrikoaren hainbat ekimen pilotu ere bultzatu ditugu.

Badakigu ingurumenaren aldeko lana egunerokoa dela eta guztiok egin beharrekoa gainera. Naturak ematen dizkigun aukeren gainetik bizitzen jarraitzeak ez du ez zentzurik, ez etorkizunik. Horregatik, ditugun baliabideak ahalik eta hobekien zaintzea guztion egitekoa da; eta nola ez! kontsumo arduratsua da ingurumena zaintzeko bide onena. Baina dudarik gabe, erakunde publikoon egitekoa da ingurumenaren aldeko politikak eta ekimenak bultzatzeaz gain, gure jarduera guztietan jasangarritasunaren printzipioa aplikatzea. Hori da gure erronka, eta etorkizunean ere lan horretan jarraituko dugu biharko gipuzkoarrek ere non eta nola bizia eduki dezaten.