Banderak

Bihar ez dugu egun arrunta izango Gipuzkoako Foru Aldundian. Larunbata izan arren, Foru Diputatu guztiak hemen izango gara ezohiko batzarra egin eta adierazpen instituzional bat onartzeko. Auzitegi Gorenak Espainiako bandera gipuzkoar guztion etxea den Foru Aldundian jartzera behartu gaitu eta horregatik egingo dugu bihar Diputatu Kontseilua eta ondorengo ekitaldia. Neronek irakurriko dut adierazpen instituzionala, gainerako Diputatuen, lurralde historikoko alkateen eta gerturatzen diren herritar guztien babesean.

Hau ez da bandera eta sinbologia gatazka soila. Auzia trapu baten koloreetara mugatuko balitz, ez nintzateke hain kezkatuta egongo. Baina badakigu zer asmo dagoen bandera horren atzean: euskaldunon izaera politikoa diluitzea. Duela 33 urte Gipuzkoako eta Euskadiko udal eta etxeetan ikurriña altxa zutenek ez ote dakite zer dagoen “rojigualdaren” atzean?

Batzuek gustura ikusiko dute Espainiako bandera Foru jauregian zintzilik, eta hain zuzen ere horiek leporatuko digute obsesionatuta gaudela identitate kontuekin. Esango digute “normalizazioaren” barruan sartzen dela Gipuzkoako Foru Aldundian Espainiako bandera ikustea. Eta osatzeko, esango digute hobe genukeela sinbologia kontuak alde batera utzi eta gipuzkoarren benetako arazoak konpontzeko lan egitea. Baina inor ez dadila engaina! Goizero jaikitzen garenetik gauean oheratzen garen arte, Gipuzkoaren eta gipuzkoarron alde lanean ari gara Aldundia gidatzen dugun Diputatu guztiak. Aste honetan bertan aurkeztu dugu krisiari aurre egiteko plana, eztabaida politikotik kanpora aterata eta seriotasunean etorkizunari begira. Baina ez diogu uko egiten gure izaera eta nortasun politikoari. Kudeaketa zorrotzak eta ezberdinen arteko elkar-ulertzeak ez du esan nahi nor garen ahazten dugunik eta gure euskalduntasuna ukatuko dugunik.

Auzitegi Gorenak Espainiako bandera Foru Aldundian jartzeko agindu digu, eta guk epaitegien agindua beteko dugu. Baina ez dugu Espainiako bandera gure egingo, ez dugulako gure sentitzen. Eta bihar, Gipuzkoako enparantzan izango den ekitaldian irakurriko dugun adierazpen instituzionalean argi eta garbi adieraziko dugu hori; seriotasunez eta arduraz. Gipuzkoar guztiak gonbidatu nahi ditut bihar goizeko 11etatik aurrera ekitaldian parte hartzera eta batzuek “normaltzat” ikusten duten bandera hori ez dugula nahi publikoki salatzera.