Eibar-Elgoibar bidegorria

Inauguratu dugu Debabarreneko bi biztanlegune nagusiak, Eibar eta Elgoibar, oinezkoentzat eta txirrindularientzat lotzen dituen bidegorria, Azitain – Maltzaga bide-tartea amaitu ondoren.

Bizi garen garaietan, oso pozgarria da Debabarreneko herritarren eskaera historiko honi erantzutea, hau da, Eibar eta Elgoibar bidegorri batekin lotu ahal izatea eta egin duten eskaera historiko horri erantzutea. Izan ere, Debabarrenako bi udalerri nagusietakoak dira, baina baita Gipuzkoa osokoak ere. Hori dela eta, jarduketa honek gure lurraldea egituratzen eta kohesionatzen laguntzen du.

Lehenengo bide-tartea joan den irailean amaitu zen, eta Eibar eta Elgoibar txirrindularientzat eta oinezkoentzat konektatzen dituen bidegorri osoa —2,1 kilometroko luzera— abenduan amaitu da, eta Debabarreneko txirrindulari eta oinezkoen mugikortasunerako funtsezko trazadura eskaini du. Azitain eta Maltzaga konektatzen dituen bide-tarteak lau pasabide ditu zailtasun geografikoa gainditzeko eta txirrindulari eta oinezkoen joan-etorriak ahalbidetzeko. Horietako bik 80 metrotik gorako luzera dute, eta Ego ibaia eta Deba ibaia eta GI-627 errepidea zeharkatzen dituzte, hurrenez hurren.

Eibarko Ospitala COVID-19 kasuei arreta emateko zentroa

Aita Menni-ko mediku-taldearekin eta kudeatzailearekin bildu gara gaur goizean Eibarko Ospitaleko hirugarren solairuan, bertan kokatu baita Gipuzkoako adinekoen egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko erreferentziazko zentroa. Orain arte, Gurutze Gorriak Donostian duen zentro soziosanitarioan artatu dituzte kasu horiek. Datozen egunetan Eibarko Ospitaleko hirugarren solairuan bi funtzio beteko dituen instalazio bat irekiko dugu: batetik, egoitza saretik datozen COVID-19 eta arnas urritasuna duten pertsonen kasuak artatzeko plazak irekiko dira eta, bestetik, egoitzetako sarrera berriak 14 egunez isolatzeko lekuak ere zabalduko dira.

Errealitate berrirantz goaz, betiere erantzukizunez eta zuhurtziaz, guardia jaitsi gabe eta egoitzak bisitetara nahiz egoiliar berrien sarreretara pixkanaka eta berme guztiekin irekiaz. Egoitza sarea ziklo berri batean murgilduta dago, eta erabakigarria da prebentzio, aurre-hartze eta erantzun azkarreko neurri guztiak zorroztea. Horregatik, Eibarko Ospitalean birkokatu dugun zerbitzuak funtzio bikoitza beteko du eta gaixotasunari eusteko fase berri baten aurrean prest egoteko aukera ematen digu.

Eibarko ospitaleak GFAk kudeatutako bi unitate berri izango ditu

Eibarko ospitaleak Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatuko dituen bi egoitza-unitate soziosanitario izango ditu.

GFAk espazio hori beteko du, Osasun Sailarekin sinatu duen akordio baten ondorioz; akordio horrek erakusten du bi euskal erakundeek eremu soziosanitarioan erakundeen artean lankidetzan jarduteko duten konpromiso irmoa

Estatuaren noraezaren aurrean, Gipuzkoa eta Euskadi indartsu baten alde egiten dugu apustu

Markel Olano EAJ/PNVren diputatu nagusirako hautagaiak nabarmendu du Eibarren “Estatuaren noraezaren aurrean, Gipuzkoa eta Euskadi indartsu baten alde egiten dugula apustu”. “Hau da, Estatuan dagoen muturreko zentralismo eta politika hutsalaren aurrean, gure erakunde sistema eta gure gizartea sendotzearen alde egiten dugu apustu, desberdinkeriaren aurrean eredu eraginkorra bezain jasangarria eraikitzeko”.

Markel Olanok azpimarratu duenez, legealdi honetan Gipuzkoako gizarteari “emandako hitza bete dugu”, izan ere “gure ongizate eta gizarte kohesio eredua indartu dugu, aurreko agintaldiko paralisi, gatazka eta inposizio garai hura atzean utzita”.

Horren harira, gogorarazi du “hilabete honetan bertan Deskargako autobidea amaituko dugula, hondakinen arazoa behin betiko konpondu dugula eta tokiko merkataritzaren kalitatea eta diferentziazioa sustatu dugula”. Gaineratu du industriaren “lehiakortasuna indartu” dutela, eta horrekin lotuta, oso garrantzitsua dela Eibar eta Debabarrena  lehiakortasun ekonomikoa, Eibar eta Debabarrena , berriro punta-puntan egon ahal izatea industria eta teknologian”.

Bestalde, oroitarazi du “Gipuzkoako gizartearekin dugun elkarrizketa eta elkarlana sendotu” dutela. “Proaktiboak izan gara, anbizioa izan dugu eta proiektu garrantzitsuak jarri ditugu martxan, Gipuzkoako etorkizuna prestatzeko”.

Halaber, Olanok esan du agintaldi honetan gizarte zerbitzuen “eredu gipuzkoarra indartu dugula, alde batetik apustu eginez enplegagarritasun aukerak sortzeko, baina ez bakarrik gizarte bazterketa arriskuan edo egoeran dauden pertsonentzat, baita langabezian edo lan egoera prekarioan dauden pertsonentzat ere”. “Eta bestetik, erantsi du- ibilbide orri bat martxan jarri dugu Gipuzkoako gizartearen zahartzeari aurre egin diezaiogun”.

Bestalde, adierazi du Espainiako estatuan zabaltzen ari diren “elkarrizketa falta, muturreko joerak eta noraezaren aurrean, Gipuzkoa indartu behar dugula”. “Izan ere, Estatuko lider eta alderdi nagusiengandik espero dezakegun gauza bakarra dira polemikak, elkarrizketa egoera eta erabateko blokeoa. Ez Sánchez, ezta Espainiako eskuina ere, ez dira pentsatzen ari euskal gizarteak eta gipuzkoarrok gaur egun ditugun desafioetan. Hauteskundeetan soilik gerturatzen dira hona, eta gainera proposamenik gabe etortzen dira, Gipuzkoarako proiekturik gabe”.

Josu Mendikute Eibarko EAJ/PNVko alkategaiak nabarmendu du Eibar lurraldearen “motor ekonomikoa” izan da, eta hala izan behar duela “etorkizunean ere”. Horren ildotik, esan du Eibarrek “proiektu traktoreak” behar dituela, hiria eraldatuko dutenak, eta horri helduko diotela. Eta bestetik, beharrezkoa dela Eibarko espazioei buruz hitz egiteaz gain,  Eibarrek espazioan duen tokiari buruz ere hitz egitea. Izan ere, gure alderdia da horretaz hitz egiten duen bakarra, hau da, nola ikusten gaituzten Gipuzkoan, Euskadin eta Europan. Beraz, lanari ekingo diogu Eibar erreferente izan dadin”.

Amaitzeko, Olanok adierazi du Gipuzkoa “indartsua eraikitzen ari garela ekonomia arloan, kohesionatua gizarte arloan, indartsua erakundeen aldetik; elkarlanean aritzen dakien Gipuzkoa, lurraldeko eskualde guztien artean eraikia, eta gipuzkoar guztion etorkizunari heltzen dakiena”.Horregatik, gizarteari dei egin dio “lankidetzan” jarraitu dezan, “proposamenei eta partaidetzari bide emanez. Hain zuzen, gizartearen inplikazioa lortu eta herritarren partaidetzara ireki ezean, ez du ezertarako balioko”. “Beraz, denon artean eraiki behar dugu etorkizuna, gizartea erdigunean jarri eta aldaketaren lidergoa emanez”,  ondorioztatu du hautagai jeltzaleak.