Kukuaren Kabia

Spread the love

Ezaguna den bezala, kukuak ez du kabirik egiten. Txori txikiagoen kabietan ipintzen ditu bere arrautzak, gero bere txitak bertan dauden arrautza edo txita txikiak kanpora botatzen dituelarik.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikako departamenduak Kabia izeneko ekimen bat ipini du martxan. Hasera batean behintzat legez hartu behar dituen Gipuzkoako 16 udaletako zaharren egoitzak kudeatzeko tresna modura zegoen pentsatua, baina erdi ezkutuan beste helburu potoloagoa zeukan: Gipuzkoako gizarte politika guztien kudeaketa publiko zuzena egitea eta, kukuak egiten duen bezalaxe, orain lan hori egiten ari diren erakundeak kabitik botatzea.

Gaur Eider Mendoza eta Elgoibarko alkate den Alfredo Etxeberriarekin batera prentsaurrekoa egin dut, Kabia izena duen erakunde autonomo horrek dituen arriskuak eta ondorio latzak salatzen.

Hemen duzue prentsaurrekorako prestatu dugun txostena.

Kudeaketa publiko zuzenak kolpe larria emango lieke une honetan gure lurraldean gizarte zerbitzuak kudeatzen ari diren Hirugarren Sektoreko erakundeei:  ATZEGI , GUREAK, ASPACE , GAUTENA , AGIFES , MATIA, GURUTZE GORRIA, CARITAS, etab.

Denak dira izugarri maitatuak gurean eta milaka profesional eta boluntario biltzen dituzte eguneroko lanean.

Gu ez gaude prest hori onartzeko eta berehala hasiko dugu erakunde horiekin bilera erronda bat, eurekin geure kezka partekatzeko.