Hernanin bertatik bertara

Spread the love

Azken asteotan ekimen berri batekin hasi gara. Astero Gipuzkoako herri bat hautatu eta bertan egun osoa pasatzen dugu, goizeko 10etatik hasi eta iluntzera arte. Aurrenekoa Eibarren, bigarrena Tolosan. Agenda trinko-trinkoa izaten dugu, ahalik eta jende gehienarekin egoteko asmoz eta herriko atal desberdinak ezagutu eta aztertzeko. Atzokoan Hernaniko herriari egin genion bixita.

Berdintasunaren ikur den Leoka labaderoarekin hasi genuen eguna. Ondoren, bertako produktuak saltzen dituen enpresa txiki bat ezagutu genuen: Aitor Lasaren LAPIKO. Aitorrek mezu zuzena helarazi zigun, errezil sagar zoragarri bati koskara ematen genion bitartean: gure baserritarren produktuak merkaturatzeko ezinbestekoa da kalitatea zaintzea eta herritarren konpromisoa.

LAPIKOtik GUREOLA enpresara egin genuen jauzi. Egia esan harri eta zur gelditu ginen duela bi urte itxita dagoen enpresaren bulegoetara sartu eta bertako langile ohiekin batera hiru kataluniar topatu genituenean.  Izan ere GUREOLA enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu zenean Kataluniako enpresa batek erosi eta berriro ere martxan ipintzeko asmoa adierazi du. Ez asmoa soilik gainera, epe laburrean tizu paperezko bobina handiak berriro ere produzitzen hasteko eta 40 langiletik gora hartzeko konpromisoa daukate. 2012an langabezian gelditu ziren langileentzat berri ezin hobea. Gainera, gure herrian krisi latzak azken urteetan sortu duen desindustrializazioari buelta eman eta berrindustrializazio eredu borobila dugu Hernaniko enpresa hau.

Landare eta Zubipe kirol instalazioetan ere egon ginen, ibaia eta uholdeekin dituzten arazoak ezagutzen.

Ondoren herriko zaharren egoitzara joan ginen, bertan egiten duten lana ezagutzera eta eskertzera.

Azkenik, ikuspegi sozialarekin jarraituz, pertsona imigranteekin lanean diharduen AMHER elkartearekin bilera izan genuen. Batzuk plazaratu nahi duten tentsioa eta enfrentamendua alde batera utzita, elkarte honetako bolondresek egiten duten lanari esker herrialde desberdinetatik etorri diren pertsonek herrian harrera ona dutela esan ziguten.

Ikusten den bezala Hernaniko herriak dituen erronka nagusienetarikoak aztertzeko beta izan genuen atzokoan. Gustura itzuli ginen etxera.

Argazkiak ikusteko sakatu hemen: ARGAZKIAK