• Gipuzkoa  etorkizunari  begira

    Gipuzkoa etorkizunari begira

    Bigarren urteurrenaren balantzea

    Bi urte, 731 egun, eraman ditugu (ez diegulako joaten utzi) Foru hauteskundeak irabazi eta gobernua osatu genuenetik Gipuzkoaren eta gipuzkoarren alde lanean. Legealdiaren erdian gaude, eta balantzea egitea dagokigu; azken bi urteei errepasoa egin eta zorroztasunez egindako lana ebaluatzea eta epaitzea. Baina horrekin batera, biharkoari eta etzikoari begiratzeko garaia ere bada hau, euskaldunon jakituriak ongi asko irakatsi digun bezala “aurreak erakusten duelako atzea nola dantzatu”.

    Azken bi urte intentsu hauen ostean, pozik nago. Pozik nago Gipuzkoa martxan ikusten dudalako aurrera begira, iraganarekin pendiente zituen zorrak kitatuta. Eta pozik nago guk horretan lagundu dugulako. Gipuzkoa lehiakorragoa eta solidarioagoa lortzeko gure helburu nagusira bideratu dugu gure ahalegin guztia. Gipuzkoa ezegonkortasunean eta ataskatuta sumatzen genuen duela bi urte, eta orain martxan eta orekatuta dakusagu etorkizunari begira.

    Hauteskundeetara programa argi batekin joan ginen, foru gobernua osatzeko akordioan lehentasunak argi eta garbi ezarri genituen eta Legealdiko Kudeaketa Plan Estrategikoan Gipuzkoari aurrera egiten laguntzeko gure ibilbidea zehaztasunez markatu genuen. Eta gaur, Legealdiaren erdian harrotasunez, baina harrokeriarik gabe esan dezaket: emandako hitza bete dugu. Gipuzkoarrek mandatu demokratikoa eman ziguten Gipuzkoa berriro martxan jartzeko eta guk bete egin dugu, nahiz eta hartutako erabaki batzuk denen gustuko ez izan. Eta euskal herri ordezkari batentzat ez dago ohore handiagorik, bera zor zaion herriari emandako hitza betetzea baino.

    Ohikoegia dugu gure gizartean, eta baita politikan ere, norberak egindakoari buruzko autokonplazentzia. Eta benetan diot ez dugula horretan erori nahi. Ebaluazio oro, subjektibotasun eta irizpideetatik haratago, zorroztasunez eta zintzotasunez egin behar da. Eta gure bi urteotako lanaren ebaluazioa publikoki egitean, gipuzkoarrei eskatu nahi diet datuei eta egitateei begiratzeko. Langabezia tasak, ekonomiaren hazkundea, gizarte desberdintasunen indizeak, ongizate indize orokorrak, diru-bilketa publikoa… denak hobetu dira azken bi urteotan. Eta hori ez da guri esker bakarrik lortu, baina guri esker ere lortu da.

    Soziologoek “postruth” edo egiaren osteko garai gisa definitu duten aldi honetan, titular eta mezu sinple eta demagogikoetatik aldenduta, begira diezaiogun gure Lurraldeko errealitateari: Gipuzkoako hondakinen arazo luzea behin betiko konponbidean bideratuta dago, Pasaialdeko biziberritzea azkenean martxan dago, Tabakalerako proiektu kultural integrala abian da, ekonomia sustapeneko urteroko foru plan bereziak martxan daude, Gipuzkoako errepide sarearen errotonda amaitzear dago, gizarte zerbitzuen mapa osatzen ari da eta inklusio sozialeko Elkar-Ekin programak ehunka pertsona bazterkeriatik ateratzeko bidean jarri ditu.

    Gaur, 2017ko maiatzean, iraganetik gipuzkoarrok bizkarrean genekartzan zama eta arazo astunak bideratuta ditugu. “Eguneratu” dugu Gipuzkoa. Baina ez da nahikoa. Ez gara horrekin konformatzen eta ezin dugu horrekin konformatu. Izan ere, etorkizunera begira jarrita, erronka oso handiak ditugu eta gure esku dago horiei aurre hartu eta geroa guk geuk eraikitzea.

    Ez gaitezen engainatu. Aurrera begira gipuzkoarrok benetan ditugun erronka potoloak ez dira hondakinak kudeatzea edo errepideetan bide-sariak ezartzea. Gure ongizaterako baldintza eta aldagai handiei garaiz eta ondo erantzutea da gipuzkoarrok orain ditugun erronka nagusiak: gure enpresen lehiakortasunerako beharrezko diren transformazioak gauzatzea, gure gizartearen zahartzeari ikuspegi integralarekin erantzutea, gizon eta emakumeen berdintasunean sakontzea, pertsonaren garapen osorako kontziliazio politikak sustatzea, jaiotza tasak handitzea, kalitatezko enplegua sortzea, gure hizkuntza bultzatzea, gure identitate eta kultura garatzea, hezkuntza eta formazioan sakontzea, talentua sortu eta erakartzea, desberdintasun sozialak jaisteko gizarte politikak sustatzea, bazterkeria egoerak gutxitzea…

    Horiek dira etorkizuneko benetako erronkak. Eta horiei erantzuteko ari gara lanean. Etorkizuna Eraikiz programa zabal eta anbiziotsua martxan daukagu epe luzera begiratu eta gure Lurraldeko erakunde publiko, jakintza-sare, enpresa, gizarte zibil eta herritarrak elkarrekin etorkizun hori lantzeko. Elkarlanean bakarrik, auzolanaren gure tradizioan, gipuzkoarron ADNko balio horietan oinarrituta bakarrik egin dezakegu aurrera. Zilegi eta beharrezko diren ikuspegi eta iritzi ezberdinak modu demokratikoan bideratuz eta horretarako beharrezkoa den kultura politiko berrian sakonduz.

    Etorkizuna baikortasunez eta ilusioz ikusten dut. Gipuzkoaren bilakaera ekonomikoa eta soziala optimismoaren lente bana dira geroari begiratzeko nire betaurrekoetan. Ez nuke nahi eztabaida edo inertzia zaharren keak lurruntzerik, ezta kanpoko foko potenteen argiak itsutzerik ere. Gipuzkoak etorkizun oparoa du. Benetan sinesten dut horretan. Azken bi urteotako bideari jarraituz, datozen hamar urteetako oinarriak ezartzera goaz legealdiaren bigarren zatian. Eta hori gipuzkoar guztiekin elkarlanean egingo dugu. Gipuzkoa etorkizunera begira dago.

    Utzi zure erantzuna →

Utzi zure erantzuna

Cancel reply

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR