Euskal

Estaturik gabeko nazioen trena

Spread the love

HerriaAurtengo Aberri Eguna etxeko leihotik kanpora begiratzeko aukera bilakatu behar genuke nire ustez, izan ere, datorren urtean Europan estaturik gabeko nazioen egoera objektiboki aldatuko baita, eta horrek Euskal Herrian irakurketa politikoa goitik behera baldintzatuko du zalantzarik gabe.

Katalunia eta Eskoziako historia liburuetan 2014a urrez idatziko dute etorkizunean. Eskozian erreferenduma ospatuko dute datorren urteko irailaren 18an, independente izango diren ala ez erabakitzeko eta Britainia Handiak kultura demokratiko eredugarri batekin hartu du Alex Salmonden ekimena.

Katalunian ez daude gauzak hain definituak, baina itxura guztien arabera Artur Masek bereganatu duen konpromiso bat hezurmamituko da: legealdi honetan (eta oraingoz 2014a amaitu aurretik) Kontsulta bat ospatuko da.

Kontsulta horrek izango du balio juridikorik? Badirudi ezetz: Masek berak bereizi egin ditu, alde batetik, Estatuak onartutako eta juridikoki loteslea izango den Erreferenduma eta, bestetik, Kataluniako erakundeek antolaturiko Kontsulta, juridikoki loteslea izango ez dena baina balio politiko handikoa. Bigarrena da Katalunian legealdi honetan ospatuko dena.

Edozein kasutan, Kontsulta honen helburua erabakitzeko eskubidea onartua duen subjektu politiko bat sortzea da. Gero etorriko dira Estatuarekin negoziaketak, baina Kontsulta batek subjektu politiko hori sortzen du eta Estatu demokratiko batek bere estatusa negoziatu beharra dauka, Kanadako Auzitegi Gorenak Quebeceko kasuari buruz ebatzi zuen bezala.

Nire aburuz oso deigarria da Kataluniak 2013an bizi duenak Euskal Erkidego Autonomoak 2008an bizi izandakoarekin duen antzekotasuna. Gogora dezagun.

2008ko ekainaren 27an Osoko Bilkura ospatu zen Eusko Legebiltzarrean. Egun hartan Ibarretxe lehendakariak proposaturiko Kontsulta Legea onartu zen EAJ, EA, EB eta Aralarren aldeko botoekin eta ezker abertzalearen aldeko boto bat eta zortzi abstentziorekin.

Bakea

Kontsulta Legearen testuan bertan ederki mugatzen zen lursaila:

«Galdeketa bideratzaile honek, juridikoki lotesle izan gabe ere, baliozkotasun politiko eta sozial osoa du indarkeriaren behin betiko amaierari heldu eta hura bultzatzeko, baita inplikatutako alderdi guztien artean eta bazterketarik gabe gatazka politikoa behin betiko amaitzeko prozesuari hasiera emateko helburuarekin euskal gizartearen iritzia ezagutzeko ere».

Kontsulta Legeak egun bat ere finkatzen zuen galdeketa egiteko: 2008ko urriaren 25a. Baina Zapateroren gobernuak helegitea ipini zuen Konstituzio Auzitegiaren aurrean eta honek 2008ko irailaren 11n inkonstituzional deklaratu zuen.

Oinarri juridikoak ia berdinak izanik, Katalunian datozen hilabeteetan bizi izango duten esperientzia antzekoa izan daiteke. Non daude, ordea, diferentziak? Nik hiru azpimarratuko nituzke:

Kataluniako legebiltzarrean %77ak egiten du erabakitzeko eskubidearen alde, PSC barne. Eusko Legebiltzarrean PSE-EEk ez du gure herria nazio bezala aitortzen eta bere erabakitzeko eskubidearen kontra dago.

Katalunian abertzaletasunak ibilbide orri adostua du, hain zuzen ere 2012ko abenduaren 18an CiU eta ERCk lortu zuten gobernagarritasun akordioan zehaztua. Gurean, berriz, 2008ko urte kritikoa iritsi zenean, ezker abertzaleak eta sindikatu abertzaleek uko egin zioten prozesuan parte hartzeari. Agenda propio ezkutuak zeuzkaten. Oraindik ere ezinikusia da nagusi ezker abertzaleak EAJrekiko urratsak definitzen dituenean, batez ere azken hauteskunde autonomikoen emaitzen ondoren.

Kataluniako gizarteak arnas handia eman dio prozesuari: iazko irailaren 11ko manifestazio erraldoia gogoratu besterik ez dago. Alderdi abertzaleek argi daukate kontu hau, eta honela sinatu zuten gobernagarritasun akordioan: «CiU i ERC acorden treballar per consolidar una majoria social àmplia que permeti garantir l’èxit de la consulta i del procés de transició nacional». Euskal Herrian, ordea, Konstituzio Auzitegiak Kontsulta Legea 2008ko irailaren 11n inkonstituzional deklaratu zuenean (hura izan zen nire ustez irain demokratiko gorena), gure gizartean ez zen erreakzio sendorik gertatu, besteak beste abertzaletasunaren baitan zegoen zatiketak eta zalantzak prozesua ahultzea lortu zutelako. Etxekalteen garaipena.

Kataluniara itzulita, ez dugu ahaztu behar unibertsitate eta komunikazio munduan espazio indartsu bat sortu dela alderdi politikoekin lotura zuzenik gabea eta bizitza politikoa guztiz baldintzatzen duena. Euskal Herrian ez dugu horrelakorik tamalez.

Urkullu lehendakariak, hautagai zenean, 2015erako Kontsulta bat egitea proposatu zuen, alderdien arteko adostasun bat legebiltzarrean gauzatu eta akordio horren emaitza euskal gizarteari kontsultatua izateko. Proposamenaren helburua argi aurkeztu zuen: erabakitzeko eskubidea gure legedian kokatzea.

Proposamen borobila iruditzen zait, baina datozen hilabeteetan gorago aipatu ditudan hiru ahuldade nabarmen horiei aurre egin beharko diegu ezinbestean. Euskal konstituzionalismoarekin malgutasuna bai, baina gure herriaren erabakitzeko eskubidea zalantzan ipini gabe. Abertzaleon arteko oinarrizko akordioa bai, baina elkarri zor diogun errespetua mantenduz eta onura politikoak lortzeko joko zikina alde batera utzita. Eta gure gizartea eta komunikazio esparrua mugatzen eta ahultzen dituen baldintzapen politikoa alboratu beharrean gaude, mota honetako prozesu batek oxigenoa bezalaxe behar baitu gizarte indartsu eta zorrotz bat.

Estaturik gabeko nazioen trena martxan jarri da Europan. Bi bagoi ditu: Eskozia eta Katalunia. Hirugarrena gehitu behar diogu guztion artean: Euskal Herria.

Oharra: Iritzi artikulu hau martxoaren 29an argitaratu zen Berria egunkarian. Sartu dizkiodan argazkiak, 2008an kontsulta egitekoa zen egunean (azaroaren 25ean) antolatu zen Hitza Hitz ekimenekoak dira. Espainiako Konstituzio Auzitegiak EAEko herri kontsulta egitea galarazi izana salatu nahi izan zen.