Gipuzkoako industria sarea eta krisiari aurre egiteko estrategia

Spread the love

Atzo Azpeitian izan ginen Larrañaga zerrategia ezagutzen. Era zuzenean edo zeharkakoan ia 40 langile dituen enpresa hau lanean ikustea ikusgarria izan zen, baina benetan deigarria iruditu zitzaidana beste kontu bat izan zen: bere lanaren emaitza.

Askotan esan izan da gure baserritarrentzat pinudiak ekarpen oso garrantzitsua egin izan duela: egoera ekonomiko larrietan edo inbertsioak egin behar zirenetan pinudia botatzeak arnasa eman izan dio baserritarrari.

Zerrategietako arduradunek aspaldiko harremana izan ohi dute gure baserritarrekin, baina atzo jakin genuen Gipuzkoako enpresa garrantzitsuenekin ere harreman oso estua daukatela. Zerrategiaren ekoizpenaren zatirik handiena, gure enpresek esportatu behar dituzten produktuak  (askotan pieza erraldoiak) enbalatzeko erabiltzen da. ARGAZKI GALERIA

Hara nola lotzen diren, beraz, baserria eta industria.

Gaurkoan Batzar Nagusietan osoko bilkura dugu. Goiz partean Foru Gobernuak aurkeztu duen sustapen ekonomikorako estrategia txostena aztertu dugu eta bertan “enpresa traktoreen logika” behin eta berriro arbuiatzen da. Argumentu horrekin enpresa txikien apustua egiten da, gure lurraldean dagoen sare industrial trinkoan eten artifizial bat sortuaz.

Irratia goizean goiz piztu eta Bergarako Candy edo ItziarrekoWEC-en egoera negargarria aipatzen dira. Gipuzkoak bere industria sarea indartu beharra dauka eta horretarako lehentasunak eta neurriak ezarri behar dira. Baina guzti horren gainetik ideia bat izan behar dugu garbi: enpresak, ekoizpenak eta pertsonak lotzen dituzten harreman horiek direla gure altxorrik ederrena. Gure etorkizunean aberastasuna sortzen jarraitzeko eta berau era egokian banatzen jarraitzeko ezinbestekoa dugula muturreko ideologiak alde batera utzi eta babes integrala eskaintzea gure enpresa industrialei.