Ekonomia Itunaren alde

Spread the love

Ekonomia Itunaz hitz egitea gure ongizate mailaz hitz egitea da. Ekonomia Itunaz hitz egitea euskaldunok azken hamarkadatan erabili dugun tresna batez hitz egitea da, gure zergak arautu, bildu eta kudeatzeko aukera eman diguna, gero, lortutako baliabide horiek ongizate estatu bat eraikitzera bideratzeko. Ongizate estatu horrek, guztiz perfektua ez bada ere, beste lekuetan baino sendoagoa eta eraginkorragoa dela erakutsi du. Beraz, Ekonomia Itunak garbi frogatzen du autogobernu gehiagok ongizate maila handiagoak dakartzala.

Alabaina, sistema horren gaineko zenbait mehatxu daude. Horietako batzuk kanpotik datoz, ereduaren funtzionamendua ez ezagutzeaz gain euren lurraldeen kudeaketan erakutsi dituzten gabeziak eta egin dituzten hutsegiteak ezkutatu nahi dituztenen aldetik. Kritika horiek egiten dituztenek alde batera uzten dute, askotan nahita, Euskadik urtez urte bere gain hartzen duen arriskua, Estatuari eskuratu gabeko eskumenen zati proportzionala ordaintzekoa, ekitaldiaren emaitza edonolakoa izanda ere. Erregimen komuneko autonomia erkidegoen kasuan ez bezala, gauzak okertzen badira ez zaigu zorraren kitarik egingo, eta ez zaigu inor laguntzera etorriko.

Beste mehatxu batzuk, nire ustez askoz larriagoak, barrutik datoz, gure gizartean badagoelako Ekonomia Ituna zer den eta zer esan nahi duen ez dakien jendea. Ezagutzen ez dena ez da baloratzen, eta baloratzen ez dena ez da babesten. Ez dago esan beharrik ezjakintasun horrek askoz ahulago egiten gaituela kanpotik jasotzen ditugun erasoen aurrean.

Hori dela eta, Ekonomia Itunaren 140. urteurrenean, inoiz baino beharrezkoagoa da adieraztea eta jakinaraztea zer den eta zer esanahi duen tresna honek gure herriarentzat; ezinbestekoa da Itunaren aldeko gizarte aktibazioa eragitea. Hori da, eta ez beste ezer, Euskadik bere ongizate ereduaren etorkizuna blindatzeko duen modurik eraginkorrena.