EAJ-PNVk bere “konpromisoa” berretsi du zubibide bat eraikitzeko Bazkardoko trafikoa arintzeko

Markel Olanok, EAJ-PNVren diputatu nagusirako hautagaiak, alderdi jeltzalearen “konpromisoa” berretsi du Bazkardoko lotunean zubibide berri bat eraikitzeko, “bertan sortzen diren trafiko pilaketak arintzeko” helburuarekin. Olanok adierazi duenez, EAJ-PNVk proposatzen duen konponbidea “errealista eta egingarria da”, izan ere, inbertsio “askoz txikiago bat” eginda, 25 milioi eurokoa, zubibideak lotunearen “funtzionalitatea eta egungo ahalmena hobetuko lituzke” autobidearen, N1-aren eta herriko sarbidearen konexioan. “Gainera, Bidegik bere osotasunean gauzatu lezake proiektua”, gehitu du diputatu nagusirako hautagaiak gaur eguerdian Andoaina egindako bisitan, zeinean lagun izan dituen Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatua, Mari Jose Izagirre EAJ-PNVren Andoaingo alkategaia, eta Andoaingo zerrenda osatzen duten hautagaiak. Andoainen, zubibidea egingo litzatekeen tokira joateaz gain, paseo bat eman dute Goiko plazatik Zumearaino, Santakrutz ondoko espigoia eta Allurralde Kiroldegia ere bisitatuta.

Olanoren hitzetan, “ezinezko konponbide eta proposamenen aurrean”, EAJ-PNVk apustu egin du alternatiba hori “egia bihurtzeko”. Eta gogorarazi du proposamen berri hau Aintzane Oiarbidek zuzentzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako Departamentuak aztertu eta sustatu duela. Gainera, nabarmendu du zirkulazio transeuroparra dela-eta, bereziki zigortutako gunea izanda, “lehentasunezko jarduketa bat” dela. Hala, EAJk konpromisoa hartu du “obra lizitatu ahal izateko eta prozesua azkartzeko, beharrezkoa den eraikuntza proiektua idazteko”.

Gaur egun, hegoalderantz (Tolosa) A-15 eta N-1 errepideak lotzen dituen konexioa Andoainen, errei bakar baten bidez egiten da Bazkardoko lotunean, trazatu bihurgunetsua eta erradio murritzeko kurbak dituena. Ahalmen mugatua du diseinu honek, eta horregatik ibilgailu astun edo kamioien zirkulazioak pilaketak eragiten ditu, Atorrasagastiko tuneleraino (Urnietarako noranzkoan) helduta.

Mari Jose Izagirrek gogorarazi duenez, Urumeako autobidearen eraikuntzatik egiteko geratu zen “azken zatia osatzea”, alegia, tunel bidez Belkoain gurutzatzen zuena. Berez Sorabillatik Bazkardo arteko N-1 errepidearen saihesbidearen eraikuntza Proiektua erredaktatzera heldu ziren bere garaian, 120 milioi euroko inbertsioa eskatzen zuena. Hala eta guztiz ere, ohartarazi dute gaur egun proiektu horren “dimentsioak eta kostuak ezinezkoak” direla eta egungo egoera ekonomikoan ez dela “egingarria”.

A-15 errepideko Atorrasagastiko tunela igaro eta gero, eskuinetik bide berria egin daiteke alturan, Bazkardoko biribilgune gainetik igarotzeko moduko garaiera nahikoarekin eta 90º biratuz, N-1 errepidearekin paraleloan lerrokatu arte. Bozeramaile jeltzaleen azalpenen arabera, “zubibidea oinezkoen pasabidearen alturan amaituko litzateke, paraleloan jarraituz errepidearen eta Borda-berri industria-gunearen artean”. Era berean, EAJk dio aurkeztutako proposamenak ikastolako bihurgunea hobetzeko “aukera ere ematen duela”, bi errepideen bategiteak desplazatu egiten dituelako errepideok, kurba bera zabalduz.

Bestalde, jeltzaleek kritikatu egin dute EHBildu aurreko legealdian “ez zela gai izan lurraldeak zituen bide-azpiegitura nagusiak osatzeko” eta azpimarratu dute EAJ-PNV izan dela “azken 4 urteotan Gipuzkoako bide-azpiegitura sarea arrakastaz osatu duena”. Gogorarazi dute “ezker abertzaleak uko egin diela azpiegitura berriak sustatzeari”, “bere garaian Urumeako eta Nafarroako autobideen aurka agertu ziren bezala”. “Guztia edo ezer ez izan da haien lema beti, proiektu egingarrien inguruko kontsentsuak bilatu beharrean”, amaitu dute.

Gipuzkoa erreferente bat da munduan, oztopoak gainditzeko duen gaitasunagatik

Lurralde txikia gara, ia lehengairik gabea, eta komunikazioa zailtzen duten haranez, mendiz eta itsaso bizi batez inguratuta bizi gara . Eta hala ere, herri indartsua gara. Inork ez digu ezer oparitu, dugun guztia borroka eginez irabazi baitugu.

Oztopoak gainditzeaz hitz egiten duen historia bat gara. Arrakastaz kudeatu ditugu industria birmoldaketa, aduanen itxiera eta krisialdi ekonomiko eta sozial guztiak. Europako erreferentea gara berrikuntza arloan. Gipuzkoako kooperatiben eredua mundu osoan aztertzen dute. Gipuzkoako trenek, autobusek eta igogailuek bost kontinenteetako pertsonak garraiatzen dituzte. Gure sukaldaritzak leku bat eman dio mapan Gipuzkoari. Gure nortasuna indartu eta gure hizkuntza berreskuratu dugu. ETAren indarkeria garaitu dugu, indarkeriarik erabili gabe. Gizarteari dagokionez, krisiak ez du lortu gure ongizate eredua murriztea, Europako herrialde askotan gertatu den bezala. Enplegua berreskuratu dugu, krisi aurreko zifretara iritsita.

Gipuzkoak eraldaketa handiak jasango ditu merkatu oso garrantzitsuetan; esaterako, automobilgintzan eta industria laguntzailean. Berrikuntza teknologikoa bereizketa balio izatetik, bizirauteko ezinbesteko den ezaugarri izatera pasa da. Mundua ziurgabetasun une batean dago murgilduta, baina konplexurik gabe egin behar diegu aurre, erronkak beti gainditu izan dituen herri baten segurtasunarekin.

Gipuzkoarentzako estrategia industriala duen alderdi bakarra EAJ-PNV dela esan du Olanok

BERGARA. Diputatu nagusi izateko hautagai den Markel Olano Bergaran izan da gaur, ekitaldi politiko batetan. Mitinaren aurretik, homenaldia egin zaie, historian zehar EAJ-PNVren zinegotzi izan diren bergararrei. Olanok, bere hitzaldian, EAJ-PNVren alde ekonomian jarri du azpimarra, Aldundiak legealdi honetan garatutako estrategia industriala nabarmenduz. Esan duenez, egiteko modu honi esker Gipuzkoa sendotu egin da. Honela, azpimarratu du EAJ-PNV dela “estrategia industriala duen aukera politiko bakarra”. “Estrategia hori da gure seme-alaben etorkizuna bermatu dezakeen bakarra. Ondorioz, datorren igandean etorkizunaren edota iraganera itzultzearen artean aukeratu beharko dugu”, adierazi du.
Iraganaren ideia honetan sakonduz, hautagai jeltzaleak esan du “kudeaketa txarrak” eta “inposizioak” aurreko legealdiaren bereizgarriak izan zirela, ezker abertzaleak lurraldeko erakunde nagusiak gobernatu zituenean. “Etengabeko liskarra genuen duela lau urte bai Gipuzkoan zein Bergaran, eta Seminarioa edota hondakinen kudeaketa ditugu honen adibiderik onena”, gogoratu du. Egoera hau azken lau urtekoarekin alderatu du gero Olanok, “aldaketaren eta akordioaren legealdiarekin”. Honela, gogoratu du agintaldi honetan Bergarako autobidea bezalako proiektuak desblokeatu direla, edota krisi ekonomikoaren gordinena gainditzea lortu dela. “Gainera, akordioaren, elkarlanaren eta gizartearekiko konfiantzaren aldeko apustu irmoa egin dugu, eta Etorkizuna Eraikiz proiektua da honen adibiderik argiena”. Olanok azaldu du marko honetan lurraldearen etorkizunarentzako berebiziko garrantzia duten gaiak lantzen hasi direla, hala nola, zahartze osasuntsua, emakume eta gizonen arteko berdintasuna edota ekonomia berriaren oinarriak ezartzea.

“Gipuzkoak ezin du egonkortasuna eta aurrerabidea dituen etorkizuna arriskuan jarri”

DEBA. Diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagai den Markel Olanok gogoratu du gaur lurraldeak asko duela jokoan datorren maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetan eta, ohartarazi duenez, “Gipuzkoak ezin du egonkortasuna eta aurrerabidea dituen etorkizuna arriskuan jarri”. “Jokoan dagoena zera da: edo oraingo egonkortasun eta indarrarekin aurrera egiten jarraitu, edo atzera egin, iraganeko ezegonkortasunera eta kudeatzeko gaitasun faltara itzultzea. Gipuzkoak ezin du arrisku hori hartu”, nabarmendu du hautagai jeltzaleak.
Debako hautagaitza jeltzalearen aurkezpenean hartu du parte gaur Olanok, udalerri honetako Pasealeku Estalian egin dena. Iñigo Cambronero da EAJ-PNVren alkategaia, eta ekitaldira dozenaka alderdikide eta jarraitzaile hurbildu dira, inguruko herrietako hautagaiekin batera. Debako EAJ-PNVren hautagaitza honako pertsona hauek osatzen dute: Iñigo Cambronero alkategaia buru, zerrendan daude Eneritz Gomez, Miren Esnal, Joseba Andoni Aizpurua, Alazne Txurruka, Edurne Rodriguez, Iñaki Mandiola, Gaizka Azkoitia, Ariadna Veliz, Mikel Lopez, Miren Josune Urain, Maria Teresa Iruretagoyena eta Cristobal Del Corte.
Diputatu nagusi izateko hautagaiak, bere hitzaldian, nabarmendu du Gipuzkoa “ikaragarri indartu dela” legealdi honetan. Alde batetik, esan du “elkarbizitza eta klima sozialak nabarmen egin dutela hobera”, batez ere lurraldeko erakundeek “gizartearekiko mesfidati izatetik entzuera pasa direlako”. Gainera, esan du indartu egin direla ongizate eredua eta gizarte kohesioa, ezberdintasunak murriztu egin baitira.
“Legealdi honetan, blokeo egoera batetik hasi eta Gipuzkoak bere modernizaziorako behar zituen proiektuak seriotasunez, eraginkortasunez eta zorroztasunez gauzatzera pasa gara”, azpimarratu du Olanok. Horrela, adibide bezala jarri du hondakinen kudeaketaren arazoa konpondu izana, edota Bizkaira bidaiatzen dutenentzat AP-8ko bidesarietan 75 euroko tarifa plana ahalbidetu duen akordioa. Debako tokiko aktualitatera etorrita, ibaiaren gaineko zubiaren erortzea bezalako arazo konplexu bati emandako “erantzun azkar eta eraginkorra” gogoratu du Olanok, gaiari irtenbidea eman eta bizilagun kaltetuei alternatibak eskaintzeko.

Etorkizuneko proiektua
Hautagai jeltzaleak, honenbestez, ondorioztatu du EAJ-PNVk duela lau urte gipuzkoarrei eman zien hitza bete duela. Deba bailarari aipamen eginez, gogoratu du egungo Aldundiak “lehentasun osoa” eman diola industriari, bereziki Debabarrenan presentzia nabarmena duen makina-erremintaren sektoreari. Gainera, gogoratu du lau urte hauetan “zor historikoa” kitatu dela Deba eta Mutrikurekin, bi udalerriak lotzen dituen errepidea hobetzeko obren hasierarekin.
“Gainera, aurrera begira, EAJ-PNV etorkizuneko proiektua du Gipuzkoarentzako, guztion artean lurralde indartsuagoa eraikitzen jarraitzeko”, aldeztu du. Diputatu nagusi izateko hautagaiak azpimarratu du lurraldea prestatzeko garaia dela, “hurrengo belaunaldiek ere bizi kalitate ona izan dezaten”. Estrategia horren adibide bezala jarri ditu legealdi honetan egin diren apustu estrategikoak, etorkizuneko gaietan erreferentziazko zentroak martxan jarri, esaterako, elektromugikortasun, zahartze osasuntsu edota zibersegurtasunaren esparurruetan. “Gizartea entzuten eta konfiantza adierazten jarraitzea eskaintzen du EAJ-PNV; zorroztasunez eta segurtasunarekin proiektuak gauzatzen jarraitzea; ekonomia eta ezberdintasunaren aurkako borrokari lehentasun osoa ematen jarratzea. Gipuzkoa indartsuagoa eraikitzen jarraitzea eskaintzen dugu”, nabarmendu du.

Deba indartsua
Bere aldetik, Debako alkategai jeltzalea den Iñigo Cambronerok Udalak legealdi honetan egin duen lana nabarmendu du, bera zinegotzi izan baita. Azaldu duenez, honen ondorioz erabaki du aurrerapausoa eman eta EAJ-PNVren hautagaitzaren buru jartzearen erronkari eustea. “Lau urte hauetan egin dugun lana eta bizi izan dudan guztiak sortu dizkit EAJ-PNVren Debako proiektuaren buru jartzeko behar nituen gogo eta ilusioa”, adierazi du.
Horrela, Cambronerok gogoratu du duela lau urte debarrek aldaketaren alde egin zutela eta, lau urte hauetan, “transformazio horretan aurrerapausoak eman ditugu”. Hala ere, esan du “bidea hasi besterik ez dela egin” eta, ondorioz, EAJ-PNVren proiektuari bidea emateko eskatu du, Deba transformatzen jarraitzeko. “Gure herriak gobernu indartsua eta gai dena merezi du, hobekuntza sozialak eta garapen ekonomikoa oinarri dituen herriaren transformazioaren lidergoa hartu eta gauzatzen dakiena”, azaldu du.
Maiatzaren 26ko hitzorduari begira jarrita, esan du Debako herritarrek euren buruari egin behar dioten galdera honakoa dela: “edo EAJ-PNVrekin aurrera egiten eta etorkizunari begiratzen jarraitu, edota berriro ere iraganean katigatu”. “Guretzako erantzuna oso argia da, Debak EAJ-PNVren aldeko apustuarekin jarraitu behar du”, defendatu du. Cambronerok adierazi duenez, bere hautagaitzak Udala eraginkortasunez kudeatzen jarraitzeko “proiektuak, ideiak, ilusioa eta gaitasunak” ditu, “Deba berriro ere eskualdearentzako estrategikoa izan dadin, gure herriaren garapenari ekarpenari egingo dioten inbertsioak lortuz”. “Zuen babesarekin eta talde honekin, denon artean, aurrera egitea lortu eta etorkizuneko Deba eraikiko dugu”, amaitu du.

Gipuzkoaren etorkizuna begiztatu dugu eta ikusi dugu itxaropenez beteta dagoela

Azken lau urteetan Foru Aldundiak buru belarri egin du lan etorkizuneko erronkei erantzun ahal izateko. Etorkizuna Eraikiz sortu eta bultzatu dugu. Etorkizuna Eraikiz anbizio handiko proiektua da, etorkizuneko erronkak antzematea helburu duena, arlo publiko eta pribatauren arteko lankidetza baliatuta etorkizuna mundu osoko proiektu anbiziotsuena da arlo publiko eta pribatuaren arteko lankidetzari dagokionez.

Unibertsitate, enpresa, langile eta gizartearekin batera sei proiektu estrategiko jarri ditugu abian, baita gure gizarte premiei eta premia ekonomikoei erantzuteko beste ekimen batzuk ere: zibersegurtasuna, elektromugikortasuna, berrikuntza gastronomikoa, gure adineko pertsonen zaintza, ikus-entzunezko kultura- industria, klima aldaketaren aurkako borroka, kontziliazioa, genero berdintasuna, langileen partaidetza enpresetan…

Alabaina, azken lau urte hauen laburpen onena da lortu dugula proiektuan 33.000 pertsona sartzea . Beren orduak eta ahalegina geure eskura jarri dituzten boluntarioak, guztion artean etorkizun hobea eraikitzeko.

“Herritarrek aukeratu egin behar dute: geldialdira eta liskar amaigabeetara itzuli, ala EAJ-PNVrekin elkar-ulertzetik aurrera egin”

AZPEITIA. Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagai den Markel Olanok datorren maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeen garrantzian jarri du azpimarra, eta herritarrei gogorazi die bi aukera dituztela: “Aukeratu egin behar dute, edo geldialdira eta liskar amaigabeetara itzuli, edo EAJ-PNVrekin elkar-ulertzetik aurrera egin”. Ideia honetan sakonduz, azaldu du jokoan dagoena dela “gatazka soziala ezaugarri zuten garaitera itzuli” edota “etorkizunera egin, herritarrak entzuten dituzten, ekonomia lehenesten duten eta era egokian kudeatuta dauden erakundeekin”.
Olanok gaur Azpeitian egin den mitin politikoan hartu du parte. Ekitaldi berean hartu dute hitza, baita ere, EAJ-PNVren Gipuzko Buru Batzarreko presidente den Joseba Egibarrek; Europako Legebiltzarrerako hautagai den Izaskun Bilbaok; eta Azpeitiko alkategai den Amaia Etxeberriak. Mitinean eskualdeko dozenaka alderdikide eta EAJ-PNVren jarraitzaile elkartu dira, tartean datozen hauteskundetan alderdi jeltzalea ordezkatu duten hainbat hautagai.
Bere hitzaldian, Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaik esan du Gipuzkoa orain duela lau urte baino “sendoago” dagoela alor sozial eta ekonomikoetan, baina batez ere elkarbizitzaren esparrua azpimarratuz. “Elkarbizitzak nabarmen egin du hobera, alde batetik, indarkeriaren zikloa gainditzea lortu dugulako; baina, bestetik, atzean utzi digulako aurreko legealdian Gipuzkoaren ezaugarri izan zen polemika, etengabeko eztabaida eta liskar giroa”, adierazi du Olanok.
Honela, hautagai jeltzaleak Aldundian, EAJ-PNVren eskutik, eman den politika egiteko estilo aldaketari egotzi dio hobekuntza hau. “Gurea eredu ezberdina da, aurreratuagoa, gizarteari era aktiboan entzutea eta denontzako gobernatzea ezaugarri dituena”, nabarmendu du. Elementu honekin batera, Olanok beste bi aldaketetan ere jarri du azpimarra: “Alde batetik, lehentasun osoa eman diogu ekonomiari. Hau da, gure enpresen alde egin du, euren lehiakortasuna hobetzearen alde, kalitatez enplegua sortu eta gizarte ezberdintasunak murriztearen alde. Bestetik, gurea kudeatzeko era eraginkorra da, arduratsua eta zorrotza, eta lau urte hauetan berriro ere demostratu dugu”, adierazi du.

Euskal izarra Europan
Egibarrek, bere hitzaldian, EAJ-PNV eta ezker abertzalearen ibilbideak konparatu ditu berriro ere: “Orain diote ez dela horretaz hitz egin behar, ezker abertzalearekin sartzen naizela PPren botoak lortzeko… Hori dena baino askoz serioagoa da hau guztia”. Honela, arduradun jeltzaleak esan du alderdiak 1977an hartu zuen erabakia, “bide demokratiko eta politikoak bakarrik erabiltzearena”, erabaki “estrategikoa” izan zela. “Besteek beste bide batzuk hartu zituzten, eta orain gutxi arte horretan ibili dira. Horregatik, orain normala da herri honi azalpen bat edo beste zor izatea. Zeren eta, estrategia horretan, zeuden tokitik bide demokratikoetara pasatzea ez da zapata aldaketa soil bat”, aldeztu du.
Europara begira jarrita, Egibar esan du Europa eraiki nahi bada, “estatuak sortu aurretik europar orubean geunden herri eta nazioek gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea daukagu, eta kontinenteko errealitatean nola txertatzen aztertzeko. “Herri honek berei izarra izan dezan gainerako estatu eta nazioarekin batera, eta euskal orubean Herri hau eraikitzeko eskubidea daukagulako”, gehitu du. Honela, EAJ-PNVren “lidergo argi baten” alde egin du bai Gipuzkoan, Markel Olanorekin; bai Azpeitin, Amaia Etxeberriarekin; bai eskualdez eskualde; eta baita Europan ere, Izaskun Bilbaorekin. “Indartsuak gara taldean lan egiten, eta horregatik eskatzen dugu gure proiekturi bide emateko”, amaitu du.

Uriaren oroitzapena
Bere aldetik, Izaskun Bilbao europarlamentariak Inaxio Uria gogoratuz hasi du bere hitzaldia. Bere aldeko txaloak eskatu ditu, “ekintzailea izateagatik, Euskadi Europarekin lotzeagatik eta garraiobide garbiagoak sustatzeagatik galdu genuen pertsona. Eta, hau guztia, enplegua sortzen zuen bitartean”. Gertaera honek, Bilbaoren ustetan, ze pentsatua eman behar lieke honela kausa bat defendatzea edota Herria eraikitzea posible zela uste zutenei.
Ondoren, Gipuzkoaren espiritu berritzailean jarri du azpimarra, ezagutzan oinarritutako Europako garapen ereduarekin duen loturagatik, eta baita lurraldeak duen bokazio sozialean ere. Horretarako hainbat adibide erabili ditu, duela 30 urte hasi zen epe luzeko politika bati lotu dituenak. Gogoratu duenez, EAJ-PNVk gidatu zuen prozesu hura, eta denen lanari esker irten zen aurrera. “Hori da kanpotik ikusten den errealitatea eta Europan Euskadiren, bere erakundeen eta EAJ-PNVren izen ona hobetu duena”, azaldu du.
Amaitzeko, esan du argi geratu behar duela zer dagoen aurrez aurre hauteskunde hauetan: “EAJ-PNVren ereduak ideia modernoak ditu, garapen ekonomikoa eta soziala uztartzen ditu, eta ibilbide guztiz demokratikoa eta Europarekin lotura indartsuak dauzka. Beste txokoan, berriz, pentsatzeko eta egiteko bestelako moduak dituzte. Ia, ez, baina, ez dakit, ez dut uste, horrela edo batez eta nik esaten dudalako esaten dutenak dira. Zalantzak eta konplexuak dituztenak. Beraien ibilbideari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu beharrezkoa dela gutxienez azalpen bat eta, sinesgarriak izateko, barkamena eskatzea. Hau iraintzat har dezaketen bakarrak kontzientzia guztiz garbi ez daukatenak dira”, itxi du.

Azpeitia berpiztu
Azkenik, Azpeitiko alkategai den Amaia Etxeberriak esan du herriak “bultzada berritzaile eta eraginkorra” behar duela, azken urtetan bizi izan duen geldialdia gainditzeko. “Indarra eta lan egiteko gogoa Azpeitiaren ezaugarriak dira. Iraganean, egon zen garai bat non Udalak, EAJ-PNVrekin, asmatu zuen energia hori guztia kanalizatu eta Azpeitia alor askotan eredugarri izan zedin lortzen”, azaldu du. Hala ere, Etxeberriaren ustetan, azkenaldian udalerria “geldo” dago, eta ez du lortzen aurrera egiterik.
Bere ustetan, egoera honen erantzulea da EH Bildu, aurreko udal Gobernuen “errentetatik bizitzen egon delako”. Orain, ordea, “errenten poltsa hori hustu denean, gaur egungo udal Gobernuaren ezintasuna agerian geratu da”. Honela, esan du bera buru den hautagaitzak programa “sendoa” aurkezten duela, hortik hasita berriro ere “indartsua” izango den Azpeitia eraikitzeko. Industria, gizarte justizia, pertsona erdigunean jartzen duen hirigintza politika, elkarbizitza eta kultura dira Etxeberriak aldeztu dituen bost apustu nagusiak, horietatik hasita “Azpeitiak berriro ere galduena berreskuratu dezan”.

Gure DNAn dago. Hobetzeko sena Gipuzkoaren zati da.

Juan Sebastian Elkano eta Edurne Pasaban gara. Joxe Migel Barandiaran eta Elvira Gangutia gara. Xabier Lete eta Mikel Laboa gara. Jorge Oteiza eta Eduardo Chillida. Arconada eta Iribar. Menchu Gal eta Cristobal Balenciaga gara. Gipuzkoarrok eredu gara.

Enpresa eredu bikainak sortu ditugu, beste inon ez daudenak. Ekosistema ekonomiko, industrial eta akademiko berritzaile bat sortu dugu. Gure nortasuna indartu eta gure hizkuntza berreskuratu dugu. Indarkeria garaitu dugu. Azken krisi ekonomiko eta soziala gainditu dugu. Azken 50 urteotan, indarkeriaz beteriko ingurune batean bizi izan bagara ere, aberastasuna, kultura eta solidaritatea sortzeak belaunaldi indartsu eta ausartago bat ekarri digu.

Erronka berria gure etorkizuna eraikitzea da.

Eta Gipuzkoak badu hori lortzeko behar den indarra, motibazioa eta talentua.

“Lau urteotan Gipuzkoan emandako aldaketa esaldi batekin laburbiltzen da: gizarterarekiko konfiantza”

PASAIA. EAJ-PNVren diputatu nagusirako hautagaiak, Markel Olanok, Gipuzkoan legealdi honetan bizitako eraldatzea azpimarratu du gaur Pasaian, dela erakundeak gidatzeko estiloan, dela ekonomiaren kudeaketan, dela elkarbizitzaren alorrean. “Lau urteotan emandako aldaketa esaldi batekin laburbiltzen da: gizartearekiko konfiantza”, adierazi du, Nahikari Otermin alkategaiarekin batera egindako bisitan, eta nabarmendu du alderdi jeltzaleak erakutsitako lidergoa, “guztientzat” gobernatzeko molde berrietara bidea egiteko garaian.

Olanok gogorarazi du 2011-2015 legealdiaren ezaugarri nagusiak izan zirela “kudeatzeko gaitasun eskasa” eta Foru Aldundian gobernatu zuen ezker abertzalearekiko herritarrek erakutsi zuten “konfiantza falta”. “Azken lau urteotan –xehetu du– erakundeek bestelako jarrera bat erakutsi dute gizatearekin hartu-emanean. Gizartera mesfidati gerturatzetik igaro gara konfiantzara; alderdikeria oinarri zuen proiektu batetik pasa gara herritar denak entzutera; inposaketatik guztientzako gobernura”.

Diputatu nagusiak “pozgarritzat” jo du, lehen-lehenik, gipuzkoar gizarteak “beldurra” atzean utzi izana, “biolentziak eta bere ondorioek zekarten guztiarekin batera”. Gaur egun lurraldeko kale eta auzoetan “elkarbizitza eta errespetua” da nagusi” eta, horrekin batera, “demokraziaren sendotzea” ari da ematen. Hautagai jeltzalearen ustez, hori guztia “poz handia” sortzeko arrazoia da, baina aldi berean etengabe sakontzen joan beharreko errealitatea.

“Ekonomiaren aurrean erakundeek erakutsitako jokamoldea ere aldatu egin da, zorionez”, Olanoren esanetan. “Ekonomia gaiak gutxiestetik, horiek lehenestera pasa gara. Ekonomiaren giza ikuspegiari lotutako arloetara gerturatu eta proposamen zehatz eta sendoak egin ditugu”, azpimarratu du. Horren lekuko, kalitatezko enpleguaren sustapena, enpresa txiki eta ertainei bultzada, nahiz autonomoei, tokiko merkataritzari eta ekintzaileei emandako laguntza, besteak beste.

Horren guztiaren oinarrian egon da, hautagaiak azaldu duenez, Foru Aldundiaren kudeaketan bizitako “eraldatze sakona”. “Gure konpromisoak bete egin ditugu, galdutako denbora berreskuratu dugu”, laburbildu du eta legealdi honetan amaitutako proiektu nagusietako batzuk zerrendatu ditu, Deskargako autobidea eta Zubietako Ingurumen Zentroa, kasu.

“Kudeaketa zorrotza eta eraginkorra egin dugu, epe ertain eta luzean pentsatuz gainera, zerbitzu sozialen etorkizuna bermatzeko eta kolektibo ahulenen mesedetan jokatzeko. Planteamendu ezinezkoetatik abiatuz, aurreikuspen faltsuak sortzen dituen populismoan erori gabe”, baieztatu du, eta gaineratu: “Kudeaketa arduratsuak konfiantza sortzen du; populismoak, berriz, frustrazioa”.

Pasaialdeko biziberritzean aurrerapen zehatzak

Ondartxoko pasealekura eta Pasaiako lonjara Nahikari Oterminekin batera egindako bisitan, Olanok aipatu du lurraldearen “etorkizun ekonomiko eta soziala bermatzeko oinarriak” jarri dituela Foru Aldundiak legealdi honetan, geroko eremu industrial, ekonomiko eta sozial berriak sustatuko dituzten erreferentziazko zentroen bitartez. Estrategia sozio-ekonomiko horren “nukleo nagusi” gisa definitu du Trintxerpeko Hospitalillo gunean urte amaieran eraikitzen hasiko den Adinberri zentroa. Berrikuntza gune honen helburua izango da zahartzaro osasuntsua bultzatzea eta adinekoentzako eta menpekotasun egoeran dauden pertsonentzako arretari lotutako ekonomia sustatzea. 120 plaza eskainiko dituen egoitza berritzaile batez gain, 25 etxebizitza tutelatu eta eguneko zentroa izango ditug; orotara 400 lanpostu baino gehiago sortzea dago aurreikusita.

“Kudeaketa eraginkorra, gizarteari entzutea eta, batez ere, erakundeen arteko lankidetza” bezalako balioetan aurrera egin izanak eragin du, diputatu nagusiak adierazi duenez, Pasaialdiaren biziberritze urbano, sozial eta ekonomikoa bultzatzea legealdi honetan “aurrerapen konkretuekin”. Adinberriz gain, hautagai jeltzaleak gogorarazi du aldaketa “agerikoena” Trintxerpe eta Herrera batzen dituen pasabidean eman dela; oinezko eta txirrindularientzat “puntu beltza” izatetik lotura “berde eta ziurra” pasa da bi zonaldeen artean, aisialdirako gune bilakatuz, baita ere.

Horrez gain, Olanok aipatu ditu Ondartxoko pasealekuan egindako obrak, zeinek ekarriko duten baita ere espazio hori duintzea eta Pasaiako lonkajo lanak berraktibatu izana, inguruko guneen “berrurbanizazioa” eraginez. “Herreratik Ondartxora lau gunetan eragiten ari gara eta horrek onura sozial, ekonomiko eta ingurumenekoak” ekarriko ditu pasaitarrentzat.

“Irun Santanoren pertsonalismo eta isolamendutik aldendu behar da, eta etorkizunera aurrera egin, EAJ-PNVrekin”

IRUN. EAJ-PNVren diputatu nagusi izateko hautagai den Markel Olanok esan du gaur Irunek asko duela jokoan datorren maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundetan. Bertan, gehitu duenez, irundarrek “iragana edo etorkizunaren artean” aukeratu beharko dute: “Gobernatzeko era partekatu eta eraginkorra, akordioak adosteko gaitasun handiarekin da EAJ-PNVk proposatzen duena; beste aldean, oraingo alkatearen pertsonalismo eta etengabeko liskarrak daude; herritarrek aukeratu behar dute, edo erakundeen arteko elkarlan, edo itxikeria”. Honela, hautagai jeltzaleak eraginkortasuna, elkarlana, etorkizuna eta bere hitza eskaini ditu, “Irun eta Gipuzkoa indartzeko lanean jarraitzeko”.
EAJ-PNVk ekitaldi politikoa egin du gaur Zabaltza plazan, eta bertan egin ditu adierazpen hauek Olanok. Hitza hartu dute, baita ere, Gipuzko Buru Batzarreko presidente den Joseba Egibarrek, Europako Parlamenturako hautagai den Izaskun Bilbaok eta Irungo alkategai den Xabier Iridoyk. Ehun alderdikide eta jarraitzaile inguru hurbildu dira ekitaldira, tartean eskualdeko hainbat hautagai zeudelarik.
Diputatu nagusi izateko hautagaiak, bere hitzaldian, gogoratu du azken legeadli honetan ordezkatzen duen alderdiak “%100era” bete duela Irunekin. Adibide bezala, hiriarentzako berebiziko garrantzia duten bi proiektuetan jarri du azpimarra: alde batetik, Arbeseko egoitza, jada konkurtsora atera dena eta lanak udazkenean hastea aurreikusten dena; bestetik, Hego Ingurabidearena, otsailean martxan jarri zen proiektua, AP-8aren lotune erdiaren eraikuntzarekin. Aldundiak, guztira, 37 milioi euro inbertitu ditu bi proiektu hauetan bakarrik.
“Irun sendoa behar dugu, puntakoa, abangoardiakoa. Gipuzkoak Irun indartsua behar du, eta alderantziz. Elkar behar gara aurrera egiten jarraitzeko”, esan du hautagai jeltzaleak. Horretarako, EAJ-PNVk ordezkatzen duen aukera defendatu du, hiria “beste era batera” gobernatzea proposatzen baitu. “Etika eta zintzotasuna erdigunean jarrita gobernatuko dugu, etorkizuneko proiektu batekin, eta beti gizartearekin eta gainerako erakundeekin elkarlanean. Hau da etorkizuneko politika egiteko modua”, esan du Olanok, eredu hau egungo alkatearenarekin konparatuz: “Iraganekoak diren politika zaharkitu, autoritario eta zurrunduak atzean utzi behar ditugu, hiria isolatzea bakarrik lortzen duten pertsonalismoak gainditu behar ditugu. Zintzotasun eta etorkizuneko proiektu ireki eta partekatu horren faltak, Santanoren pertsonalismo hori guztia Irun indartzen jarraitzeko oztopoa da”, azaldu du Olanok.
Joseba Egibar GBBko presidenteak EAJren proiektua aldarrikatu du, “zutabe argiak dituelako”. “Azken hamarkadatan, bistan da gure konpromiso politiko, demokratiko eta etikoa; eta hori ikuspegi abertzale eta demokratiko batetik erreparatuta, bakarrik EAJk egin dezake, azpimarratu du. “Abertzaleak gara, nazionalistak, eta herrigintzan aritzeaz gain, gure politika giza mailan egiten dugu, pertsonalak direlako kontatzen dutenak; banan banan. Eta hor dago, hain zuzen, gure proiektuaren indarra”.
Halaber, Egibarrek, ezker abertzaleari dei egin dio “gizarte osoari azalpen bat eman diezaguten, nahiz eta beraien babesa eduki. Esan dezatela eredu okerra eta krudela jarraitu dutela, giza eskubideak”. “Uste zuten Estatutuak porrot egin izan balu, EAJk ere porrota jaso zuela, baina ez dira gertatu ez bata ez bestea”, esan du Egibarrek, zeinak PP, PSE eta Podemos alderdiak ere hizpide izan dituen: “Mentalitate zentralista dute, eta berez, gaur egun ez lukete onartuko Gernikako Estatutua”
Arlo horretan, konbentzituta agertu da herri honek ez duela bakarrik Estatutu oso bat behar, baizik eta “salto kualitatibo eta kuantitatibo osoa, errealitate nazionalak errespetatuak izan daitezen, euskal lursailaren jabe izan gaitezen, baita Europaren barruan ere”. Horregatik azaldu du “ildo garbia proposatzen dugula, Euskal Herria bezalako komunitate politikoek estatus berri batean sartu nahi izanez gero, herritarrei galdeketa egin diezaieten, modu libre eta demokratikoan erabaki dezaten zer nolako harremana nahi duten egungo Estatuarekin: subiranotasuna, ko-subiranotasuna, independentzia edo nahi duen beste formula”. Hori da, hain zuzen, Europako eraikuntza demokratikoaren oinarria; hori da ibilbide politikoa, parlamentarioa eta instituzionala, azkenean herritarren bozkaren babesa behar duena”, amaitu du.
Xabier Iridoy Irungo alkategaiak, aldiz, azpimarratu duenez, “nahi dugu Irun berriro Irun izatea. Etorkizuneko Irun, aurreratua eta proiektu berritzaileak izango dituena, baina betiko Irun horren nortasunari eutsita, betiko Irun hori, irundarrok hain harro gauden Irun horrekin. Baina horretarako, Irunek aldaketa bat behar du, pertsona aldaketa, jarrera aldaketa, aldaketa positiboan, baina ilusioa sortuko duen aldaketa. Aldaketa bat itxuraz nahiz mamiz, baina aldaketa lasaia eta arduratsua aldi berean. Hori da gure konpromisoa, denon artean Irun hobe bat egin dezagun”.
Bestalde, Europako Parlamenturako hautagai den Izaskun Bilbaok gogorarazi du Gipuzkoarekin elkarlan estuan aritu garela, tokiko eta foru erakundeekin. Bere gizarte zibilarekin, enpresa eta kooperatibekin. Asko dugu kontatzeko. Berez, badira Europako legeak ideia gipuzkoarrak direnak. Euskal Y-a delakoaren alde jo eta ke aritu gara. Gipuzkoara gure taldeko diputatuak ekarri ditugu, batzorde parlamentarioetara. Gautenaren esperientzia aurkeztu genuen, eta Europako Parlamentuak Europa Hiritar saria eman zion. Milaka ordu lan egin dugu Irunekin, Donostiarekin, Gasteizekin, Barakaldorekin, Bilborekin, Euskadirekin. Konektatuta gaude”. Horren harira, Bilbaok aurreratu du hori bera jarraituko dutela egiten Europan: konektatuz, batuz, ekarpenak eginez, ikasiz eta proposatuz, beti ere lantaldean arituta, EAJren ereduari jarraituta”

“Industria sendotzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko estrategia argia daukan alderdi bakarra gara”

BEASAIN. Gipuzkoako diputatu nagusirako EAJ-PNVren hautagaiak, Markel Olanok, Goierriko alkategaiak aurkezteko bere jaioterrian –Beasainen– egindako ekitaldian hartu du parte gaur arratsaldean. Bertan, GBBko lehendakari Joseba Egibar eta herriko alkategai Aitor Aldasororekin batera, gipuzkoar gizartearen “ongizatea bermatzeko bidea lurraldeko industria eta ekonomia sendotzen jarraitzea” dela azpimarratu du. “Lau urteotan industria berraktibatu egin da eta ekonomia eta enpleguak trakzionatzeko gaitasuna erakutsi du –nabarmendu du Olanok–, baina aurrera egiten jarraitu behar dugu, Gipuzkoak etorkizunean ere industria indartsu bat eduki dezan, ekonomia eta enplegua bultzatuko duena. Lan horri eutsi behar diogu”.

“Datozen hauteskundeetan Gipuzkoak etorkizuna edo iraganaren artean aukeratu beharko du; lanpostu gehiago eta hobeak sortzeko bide-orri argi baten ala helburu hori lortzeko proposamen gabeziaren artean; herritarrekin elkarlanean aritu ala bizkarra ematea”, kontrajarri du egungo diputatu nagusiak, zeinek gizarteari eskaini dion EAJ-PNVren “kudeaketa eraginkorra, determinazioa eta lankidetza”. “Alderdi bakarra gara ekonomia eta industria indartzen segitzea xede duen estrategia argi batekin, eta horrela bakarrik lortuko dugu lanpostu gehiago eta hobeak lortzea”, osatu du.

Goierriko hautagaien aurrean egindako hitzetan, EAJ-PNVren zerrendaburuak gogorarazi du “Gipuzkoa orain dela lau urte baino indartsuagoa dela gizarte eta ekonomia alorretan”, Goierriko herri handienetan nabarmena den moduan, zeinetan alderdi jeltzaleak gobernatzen duen gaur egun. Horren lekuko, langabeziak behera egin du %8ra arte eta, modu berean, desberdinkeriak ere atzera egin du. Horren protagonista nagusiak, xehetu duenez, enpresa-ehunak eta gizarte alorreko entitateak egiten ari diren lana eta apustuak dira.

“Hala ere, gure ekarpena baliotsua izan da”, baloratu du. Adibide gisa, aipatu du Foru Aldundiaren Ekonomia Suspertzeko Planak urtero 3.000 enpresa ingururi lagundu diela, lehiakorragoak eta berritzaileagoak izan daitezen. Aldi berean, Elkar Ekin programak lurralde osoko estrategia bat artikulatu du, pobrezia edo bazterkeria egoeran dauden kolektiboei lanpostu duin bat bilatzen laguntzeko, nahiz prekarietate egoeran dauden langileen egoerari erantzun eta kalitatezko enplegua sustatzeko. Baita ere Deskargako autobidea aipatu du, zeinak “izugarrizko bultzada logistikoa” eskaini dion Deba, Goierri eta Urola Garaiko industria-ehunari. “Horretarako guztirako eragile sozio-ekonomikoekin, enpresekin eta herritarrekin lankidetzan jardun dugu”, gaineratu du.

Olanok, hala ere, “geldiunerik gabe” jarraitu eta Gipuzkoaren etorkizuna irabazteko lan egitera dei egin du. “Guztiok kalitatezko lana eta bizitza eramateko lurraldea nahi dugu, modernoa, berritzailea”, zeinetan industriak matenduko duen bere “izaera ezinbestekoa”.

Etorkizuneko industriak

Xehetu duenez, enpresen jarduna sustatzen jarraitzea proposatzen du EAJ-PNVk, maila guztietan gertatzen ari den “eraldatze sakonari” egokitzen jarraitu dezaten eta modu horretan beren “sustraitzea eta lehiakortasuna” indartsuagoa izan dadin. Horretarako, fiskalitatea, aspiegiturak, eta berrikuntza, nazioartekotzea eta talentuari bultzada ematea proposatu du.

Gainera, “espezializazio adimentsuaren” bidean hasitako ahalegina mantentzearen alde mintzatu da Olano, legealdi honetan Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren bitartez egin bezala. “Erreferentzia zentroak martxan jarri ditugu zibersegurtasunean, elektromugikortasunean, 4.0 gastronomian, aldaketa klimatikoan, zahartze osasuntsuan eta ikus-entzunezkoetan. Sektore horiek indartzen jarraitu behar dugu, guztietan talentua eta ezagutza nahikoa pilatzen baitugu enpresa berrien sorrera bultzatzeko eta, gisa horretan, lanpostu gehiago sorrarazteko. Berrikuntzarako dugun potentzial guztia probestea da helburua, modu kolaboratiboan ahaleginak lerrokatzea eta, horrela, etorkizuneko industria berriak gorpuztea”, azaldu du.