Badalab

Badalab hizkuntza berrikuntzako laborategiak proiektua aurkeztu du gaur Errenterian. Ezaugarri berritzaileak erakutsi ditu aurkezpenean bertan, besteak beste ekosistema indartsua eta egiteko molde ez-ohikoak. Europan ez dago antzekorik.

Sorrera beretik da berezia hizkuntza berrikuntzako laborategia. Etorkizuna Eraikiz ekimena bera baino lehenago abiatu zen gogoeta prozesu bat, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak sustatu zuena. Helburua zen euskara biziberritzeko erakunde publiko eta eragile sozialen artean biziberritze prozesua bera eraginkorrago bihurtzeko bidea aurkitzea. Ibilbide horrek topo egin zuen Etorkizuna Eraikizeko errei nagusiarekin, eta hor hizkuntza eta berrikuntza uztartuko zituen erreferentzia zentro bat kokatzeko aukera antzeman zen.

2018tik hona abian da laborategiaren helburuen eta diseinuaren inguruko gogoeta –Langunek, Elhuyarrek, Emunek eta Soziolinguistika Klusterrarekin gidatu dute, Aldundiarekin batera–, gainontzeko erakundeen eta euskalgintzako ordezkarien partaidetzarekin. 2020-2021 eratze lanetan eman ziren eta 2022an gorpuztu dira laborategiaren gida estrategikoa eta ekintza plana, hori kudeatuko duen lantaldea eta ekosistema, eta laborategia bere baitan hartuko duen espazio fisikoa, Errenteriako Madalen kalearen 27an.

Edadismoari aurre egiteko belaunaldien arteko zubiak eraikitzea, Gipuzkoaren etorkizuneko erronka

200 lagun inguru elkartu dira gaur arratsaldean Donostiako Kursaalean, Etorkizuna Eraikiz Foroaren bigarren edizioan, belaunaldien arteko elkarrizketa ardatz izan duena. Gazteak eta adinekoak, Nazio Batuen Erakundeko aditu bat, erakundeetako ordezkariak eta tokiko eta nazioarteko belaunaldien arteko esperientzien arduradunak ordu eta erdiz aritu dira gai horren inguruan hausnartzen. Guztiak bat etorri dira munduko edozein eskualde edo lurralderen etorkizuneko agendan txertatu beharreko gaia dela azpimarratzerako orduan. Gipuzkoaren kasuan, edadismoari aurre egitea, gazteek zein adinekoek pairatzen dutena, eta belaunaldien arteko zubiak eraikitzea dira landu beharreko bi elementu nagusiak, etorkizunean adin guztietako pertsonen ikuspegia eta premiak integratu eta kontuan hartuko dituen lurraldea eraikitzeko.

Foroa Etorkizuna Eraikiz ekimenak aurten martxan jarri duen komunikazio eta partaidetza-kanal berria da, herritarrak lurraldearen etorkizuneko erronkei buruzko eztabaidan eta hausnarketan inplikatzeko. Funtsean, plaza publiko berria irekitzea da helburua, non adituek eta herritarrek bat egingo duten hainbat gai interesgarriren inguruan. Esaterako, martxoan Foroaren lehenengo edizioan jorratu zen ziurgabetasunaren gaia, edo belaunaldien arteko elkarrizketa, gaurko ekitaldian landu dena. Foroaren hirugarren edizioa udazkenerako dago aurreikusita, eta aurrerapenaren bilakaera linealaren haustura izango du ardatz. Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta UPV/EHUren arteko lankidetzaren emaitza da, eta bi erakunde hauen lurraldeko arduradun nagusiek ekitaldian parte hartu dute.

Horrela, Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreorde eta Etorkizuna Eraikiz Foroko lehendakariak egin du ekitaldiaren irekiera, eta Deustuko Unibertsitateko irakasle, American Universityko Washington College of Lawko irakasle laguntzaile eta NBEko DESC Batzordeko kide den Mikel Mancisidorrek egin du hizlarien aurkezpena. Ekitaldia Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak itxi du. Halaber, ekitaldiaren hasieran bideo bat proiektatu da, gazteen eta adinekoen testigantzak biltzen dituena, eta, denen artea, adin ezberdineko pertsonen arteko elkarrizketa bat osatu dute Foroaren bigarren edizioaren gaiari lotuta, belaunaldien arteko elkarrizketari buruz hain zuzen ere.

Gipuzkoak kualifikazio handiko 62 profesional erakarri ditu talentua erakartzeko zerga araubideari esker

Kualifikazio handiko 62 profesional iritsi dira Gipuzkoara, talentua erakartzeko zerga araubide bereziari esker. Araubide hori indarrean dago lurralde historikoan 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera. Gainera, pizgarriaren bilakaera positiboa da: 3 profesionalek erabili zuten eskema fiskal hori 2018an, neurria abian jarri zen lehen urtean, 23 profesionalek 2019an, eta 39k 2020an. Halaber, hurrengo Errenta kanpaina amaitu ondoren jakingo dira 2021eko emaitzak, kanpaina horretan egingo baita azken ekitaldiaren likidazioa. Gainera, berrikuntza gisa, Gipuzkoako Batzar Nagusiek argi berdea eman berri diote araubide berezi horren funtsezko hobekuntza bati, araubide horrek aurreikusten dituen pizgarrien intentsitatea areagotuz.

Gaur bisitatu dugun Donostiako POLYMAT ikerketa institutua aipatutako araubide bereziari atxikitako hainbat profesional ditu plantillan. Hain zuzen ere, aurten 10 urte betetzen ditu UPV/EHUk eta Ikerbasquek bultzatzen duten zentroan, eta Aldundia bere erakundearen Patronatuan dago. XXI mendeko erronkei aurre egiteko oinarrizko ikerketa egiten du azpiegiturak, hala nola osasuna, energia eta jasangarritasuna. POLYMATek neurrira egindako polimeroak garatzen ditu, baliabide naturalen erabilera sustatuz, eta aplikazio ugari dituztenak baterien, elektronikoaren, inplanteen (osasuna), pinturen edota itsasgarrien arloetan, besteak beste. Borobilduz, heldutasun teknologikoko maila guztiak barne hartzen dituen ikerketa egiten du POLYMATek, ideiaren jatorritik hasi eta merkatura transferitu arte.

 

CIT Astigarragak ireki ditu ateak

Abenduaren 1ean, asteazkena, Astigarragako aparkaleku seguru eta zaindua irekitzearekin batera, Astigarraga-Oiartzun Garraio Zentro Integrala guztiz operatibo dagoen errealitate bihurtu da, Europa barneko E-70 AP-8/AP-1 ardatzetik Gipuzkoa iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duten milaka garraiolarien zerbitzura. Instalazioak Europako Batasunaren eskakizunen arabera gauzatu dira segurtasunari eta konektibitateari dagozkion kalitate eta teknologiako estandar altuenak betez. Instalazio hau iazko azaroaren 15ean abian jarri zen Oiartzungo aparkalekuari gehitzen zaio. Bi aparkalekuak proba aldian edo martxa zurian egongo dira abenduaren amaierara arte, zerbitzu guztiek behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatzeko eta Urrezko mailarekin bat datorren Europako egiaztatze izapideak egiteko.

Gipuzkoa lurralde giltzarri da, Europako kontinentearen eta Penintsularen arteko konexio logistikorako. Garraio Zentro Integrala irekiz, gure helburua da ardatz atlantikoko garraio azpiegitura hobetzen eta zaintzen laguntzea, aparkaleku eremu seguruak, babestuak eta garraio sistema adimendunekin (ITS) lotuak eskainiz. Pandemiak sortutako krisi ekonomikoaren aurrean inbertsioak eta jarduera ekonomikoa sustatzeko Ekonomia Indartuz planaren esparruan gauzatutako proiektuetako bat da.

arraioaren sektorea laguntzeko inbertsioa da, eta pandemian egiaztatu ahal izan dugu sektore horren garrantzia. Horregatik, azpimarratu du Garraio Zentro Integralaren instalazio aurreratuak garraiolarientzako zerbitzua direla, erosotasunaren, segurtasunaren eta digitalizazioaren ikuspegitik. Horrela, gaurtik hasita, aparkaleku eremu egokiak eta seguruak dituzte, beren beharrei erantzungo dieten zerbitzu eta atseden instalazio modernoekin konbinatuta: jatetxeak, higienea, konektibitatea eta erregai-hornidura.

     

Sportek Hub

Zazpi erakunde eta entitatek indarrak batu dituzte SPORTEK HUB abian jartzeko. Gipuzkoako kirolari aplikatutako teknologia berritzaileen hub bat da SPORTEK HUB, eta lurraldean kirol industria lehiakor bat bultzatzeko dauden gaitasunak indartzeko xedearekin sortu da, ekintzailetasun teknologikoa eta kirol produktu eta zerbitzuetako berrikuntza sustatuz, startup berritzaileei lagunduz eta sektoreko enpresa eta eragileetan berrikuntza eta negozio eredu berriak txertatzeko lan eginez. Gipuzkoan hasiko den ekimen honek Euskadi osoko eragileei eta klubei zabaltzeko asmoa du, eta, etorkizunean, kirolean aritzen diren enpresen eta erakundeen lehiakortasuna indartzeko palanka izan nahi du.

SPORTEK hub ekimen publiko-pribatu gisa eratzen da, eta Gipuzkoako Foru Aldundia, Eibarko Udala, Donostiako Udala, Real Sociedad Fundazioa, Eibarko Kirol Elkartea Fundazioa eta Eusko Jaurlaritza ditu sustatzaile, Bic Gipuzkoa ekimenaren organo kudeatzaile delarik. 

Gipuzkoako Gurutze Gorriaren egoitza

Gipuzkoako Gurutze Gorriak Donostiako Zorroaga gainean duen egoitza berria ireki du. 1.800 m2 ditu, instalazio modernoago eta irisgarriagoetan, formazio, laguntza eta esku-hartze jarduerekin jarraitzeko.

Gipuzkoako Gurutze Gorriak 150 urte baino gehiago daramatza lurraldean, oso jarduera bizia du, eta bere ibilbidea oso lotua dago zaurgarritasun egoerei erantzuna ematearekin. Erakundeak Gipuzkoako lurraldean egiten duen lan sozial eta komunitario handia, betiere hurbiltasunetik eta gizarte konpromiso handiarekin, gizarte desberdinkerien aurkako borrokan murgilduta aitortu behar zaio.

Baita COVID-19aren pandemian ere, non, Gurutze Gorriak oso zeregin garrantzitsua izan baitu pertsona hauskor eta kalteberenen arretan eta babesean. Gogorarazi du Gurutze Gorria oso eragile aktiboa izan dela birusaren aurkako borrokan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera lan egin duela kolektibo zaurgarrienak zaintzen eta artatzen, hala nola egoitzetan bizi diren adinekoak eta gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonak.

Gurutze Gorriaren lan egiteko moduak Gipuzkoako lurralde osoko balio komunitarioak eta sozialak ezin hobeto islatzen ditu: Gizatasunaren eta unibertsaltasunaren printzipioei erantzunez, Gurutze Gorriak behar handienak dituzten pertsonei laguntzen die, balio kalkulaezina duten sare sozialak sortuz eta esku-hartze sozial integrala eskainiz. Hori guztia, gainera, ehunka boluntarioren lanari esker.

Bestalde, Sonia Archelik nabarmendu du entitate sozialen eta erakundeen artean indarrak batu beharra, osasun krisiak eragin duen larrialdi sozial eta humanitarioari erantzun integrala emateko, eta eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiak erakutsi duen babes eta konpromisoagatik. Era berean, eskertu nahi izan du boluntarioek egindako lan ikaragarria, eta gogorarazi nahi izan du Gurutze Gorriak azken urtean egindako lanaren ondorioz, bere historiako 156 urteetan inoiz baino pertsona, baliabide eta gaitasun gehiago mobilizatu dituela.

NBE hornidura bermatuta

Gipuzkoako Foru Aldundiak NBEen hornidura bermatuko die Gipuzkoako gizarte baliabide guztiei, gutxienez urte amaierara arte, Foru Aldundiak azken asteotan egindako azken erosketaren ostean. Adinekoen egoitzak eta eguneko zentroak, desgaitasuna eta gaixotasun mentala duten pertsonentzako baliabideak, inklusiokoak eta adin txikikoak artatzekoak barne hartzen dituzten 200 zentrok baino gehiagok stock nahikoa izango dute, gutxienez, 2021ean zehar.

GUREAKekin lankidetzan, biltegiratze eta banatze sistema logistiko baten bidez kudeatzen ari da norbere babeserako materiala, lurraldeko gizarte-zentroetan osasun-krisiari aurre egiten jarraitzeko. Zerbitzu hori Errenteriako bi biltegi logistikotan zentralizatzen da une honetan, erositako babes-ekipamenduen kitak prestatzera eta gordetzera bideratuta daudenak, 2021ean zehar Gipuzkoako gizarte-baliabide guztiak hornitzen jarraitzeko. 2020ko martxotik, Aldundiak 30,4 milioi babes-elementu erosi ditu guztira, 5.637.000 euroko kostuarekin.

Pandemiaren hasieran izandako une gogorrak gogoan ditugu oraindik, babes ekipoak lortzea batere erraza izan ez zenean, mundu osoko eskaera handiaren ondorioz. Iazko martxoan, Gizarte Politikako departamentuak ahalegin guztiak egin zituen babes-materiala lortzeko, eta, gainera, hainbat gizarte eragilek, enpresak eta partikularrek, zeukatena eta lortzen zutena gure esku jarri zuten, lurraldeko egoitzetan eta gizarte-baliabideetan bana genezan. Txertoari eta egindako prebentzio-lanari esker, COVID-19ak gizarte-zerbitzuetan dituen ondorioak kontrolatzen ari garen honetan, ez dugu prebentzioaren bidea alde batera utzi behar. Beharrezkoa da epe labur eta ertainean material guztien aurreikuspen eta banaketa eraginkorra ziurtatzen jarraitzea.

Start upak Biozientzien babesean

Biozientziak Gipuzkoa Fundazioak azken bost urteotan sektore biosanitarioko Gipuzkoako 10 start up babestu ditu, 2,75 milioi euroko zuzkidura ekonomikoarekin, eta horri esker, zuzeneko 70 lanpostu finkatu dira. Fundazioko kide diren bi erakundeek -Foru Aldundiak eta Kutxa Fundazioak- bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte lortutako emaitzak eta enpresa horien etorkizuneko perspektibak, foru jauregiko Etorkizuna Eraikiz Gunean egin den lan jardunaldian; bertan, erakunde sustatzaileek balantze “oso positiboa” egin dute.

Enpresei laguntzeko, hamar urterako partaidetza maileguak ematen dira, gehienez ere 250.000 euro enpresa bakoitzarentzat, start upak etapa goiztiarretan gara daitezen bultzatzeko. BIC Gipuzkoaren bidez ere ematen da aholkularitza. Hautaketa bi batzorderen bidez egiten da. Batzorde horiek bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa ebaluatzen dute, kalitate proiektuak identifikatuz eta merkatura iristeko baliabideak erraztuz.  

Era berean, hamar start up horietako bi, Naru Intelligence eta Somaprobes, Fundazioak iaz egindako aparteko deialdian parte hartzen ari dira. Deialdi horren bidez, I+G+B proiektuak finantzatu nahi dira, COVID-19a kutsatzea prebenitzeko eta pazienteen diagnostiko, tratamendu eta jarraipen hobea egiteko; 455.000 euro bideratu dira deialdi horretara. Deialdi horren bidez, lau proiektu garatzen ari dira pandemiaren diagnostikoaren eta pazienteen monitorizazioaren arloan, eta horien emaitzak apirilean jakinaraziko dira.

Etorkizuna Eraikiz plenarioa

Etorkizuna Eraikizek argi berdea eman dio gaur aurtengo urterako bere Kudeaketa Planari. Ekitaldi honek COVID-19 gaitzaren pandemiaren eraginpean jarraituko du, eta foru programak etorkizunari begira lan egiten jarraituko du, indar guztiak pandemiaren osteko agertokian jarrita. Hala, Etorkizuna Eraikizek Europar Batasuneko erakundeekin eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearekin (ELGA) lankidetza-hitzarmenak ixtea aurreikusten du, eta haiekin batera lan egingo du trantsizio ekologikoan edo lurraldearen agenda estrategikoaren sustapenean. 2021 ez da urte erraza izango, baina, aldi berean, krisi garaiak aukera handiko garaiak izan ohi dira beti. Etorkizuna Eraikizen misioa aukera horiek aurkitu eta ahalik eta modu eraginkorrenean ustiatzea izango da, eta Europarekin guztiz lerrokatuta egingo dugu gainera.

Berrikuntza nagusien artean,  Etorkizuna Eraikizek lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditugu  karbono-isurketarik gabeko ekonomia baterako trantsizioa bizkortzeko lan egiten duen Europar Batasunaren mendeko Climate Kic komunitatearekin. Lankidetza akordioa itxiko du baita ere Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearekin (ELGA), Gipuzkoan trantsizio ekologikoko proiektu bati ekiteko helburuarekin. Etorkizuna Eraikiz guztiz bat dator Europak pandemiaren ondorengo agertokiari begira sustatzen dituen balioekin, eta hau oso adibide ona da, Gipuzkoa iraunkorragoa eta berdeagoa lortzea baitu helburu.

Etorkizuna Eraikiz, 2016an sortu zenetik, Gipuzkoaren berrikuntza gaitasuna ahalik eta gehien ustiatzeko lan egin duen tresna da. Hasiera-hasieratik, gure lurraldeak dituen indarguneak eta ahalmenak ustiatu nahi izan ditu, etorkizuneko erronka garrantzitsuei erantzuten hasteko, hala nola aldaketa demografikoa, digitalizazioa, mugikortasunak bizi duen iraultza… Denborak erakutsi du Etorkizuna Eraikizen landu ditugun eta lantzen jarraitzen ditugun esparru gehienak egokiak direla, eta COVID-19 gaitzaren pandemiaren iritsierarekin, transformazio prozesu hauetako gehienek abiadura gehiago hartu dute. Honenbestez, foru proiektuak inoiz baino zentzu gehiago du egungo testuinguruan.

Abbadia Saria 2020

Pello Jauregi Etxaniz irakasle eta ikerlariak (Donostia, 1958) jaso du 2020ko Abbadia Saria, Euskaraldiaren oinarriak ezarri eta, horrekin batera, “dinamika sozial” berri bat eragiteko gai izateagatik. Euskararen hedapenerako aukera neurtezinak sortu ditu eta hori azpimarratu du, aho batez, epaimahaiak saria ematerakoan.

Euskararen erabilera zabaltzeko ahaleginean, azken urteotako berririk pozgarriena dugu Euskaraldia. Batetik, norbere ohiturak aztertzeko eta astintzeko ariketa egingarria eta positiboa proposatzen digulako. Bestetik, konpromiso kolektibo eta partekatu baten bultzada dakarrelako berekin. Euskararen erabilera sustatzeko eta eremu berrietara hedatzeko egitasmo berritzailea eta eraginkorra da.