Olanok 200 milioi euro bideratzea proposatzen du enpresa indartzeko, enpleguaren kalitatea hobetzeko eta ekonomia berria bultzatzeko

TOLOSA. Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusia eta EAJ-PNVren berrautaketarako kandidatuak, Enplegua eta Ekonomia Berria sustatzeko plan berria aurkeztu du gaur goizean, 2019-2023 aldirako, zeinari 200 milioi euro bideratuko dizkion, eta hiru ardatz nagusitan oinarrituta dagoen: enpresaren indartzea, enpleguaren kalitatearen hobekuntza eta ekonomia berriaren bultzada. Kanpainako lehen proposamen hau aurkeztu du Olanok Tolosa eta Usurbilgo Lanbide Heziketako zentroetara, Lanbide Heziketako sailburuordea den Jorge Arévalorekin batera, eginiko bisitan.

“Gure helburua Gipuzkoako lehiakortasun ekonomikoa indartzea da; gure lurraldeko enpresak lehiakorrak izaten jarraitu dezaten eman behar diren aldaketak gauzatzen, eta horretarako beharrezkoak diren baldintzak eman daitezen lagundu nahi dugu: fiskalitatean, azpiegituren sustapenean, politiken berrikuntzan, talentuaren kudeaketan, eta ekonomia berriaren eta sektore estrategikoen sustapenean”, laburbildu du hautagaiak.

Enplegua eta Ekonomia Berria sustatzeko plan berriak, lehenengo zutabeari dagokionean, enpresaren indartzea, pertsonak eta euren ezagutza sustatzea bilatzen du, baita garapen teknologikoa, lehiakortasunerako azpiegituren ekosistema, nazioartekotzea, enpresa txiki eta ertainak bultzatzea, eta zailtasun egoeretan dauden enpresak laguntzea ere. “Uste dugu ezinbestekoa dela talentua sustatzea, enpresetan langileen parte-hartzea bultzatzea, kontziliazio politikak zabaltzea, nazioartekotzea eta ekintzailetza ekosistema indartzea, beste gauza batzuen artean, Gipuzkoako etorkizuneko lehiakortasuna indartzeko”, adierazi du Olanok, “bere enpresak sendotzen dituen lurraldea, lurralde indartsua delako”.

Bigarren ardatzak enpleguaren kalitatean sakontzen du: “Gure ekonomia garapenaren erronketako bat horri lotuta doa. Garapen pertsonal zein profesionalerako pertsona ororen baldintza duinak bermatu behar ditugu. Lehentasuna da guretzat egoera horri erantzuna emango dien neurri integralak zehaztea”. Horretarako, pertsonen gaitasunak sendotzeko eta kalitatezko enplegua hobetzeko, enpresak laguntzea proposatzen du hautagaiak, “enpresa sendo eta bideragarriak edukitzea delako modurik onena bizi-proiektu duinak garatzeko aukera ematen duten enpleguak lortzeko”.

Kanpainan aurkeztutako EAJ-PNVren lehen proposamen ekonomikoaren azken ardatza aktibitate ekonomiko berria bultzatzeari lotuta dago. “Egun bizi dugun testuinguru aldakor honetan, funtsezkoa da politika berritzaile eta ausartak martxan jartzea. Horregatik ekintzailetza, barne-ekintzailetza, ekonomia zirkularra eta industria sortzaileak sustatzea proposatzen dugu; Gipuzkoaren ezaugarri eta altxor garrantzitsuenetariko bat direlako, eta baita gure lurraldea hazteko aukeretako bat ere”, gehitu du Markel Olanok.

Lanbide Heziketa indartu talentua enpresekin konektatzeko

Markel Olanok EAJ-PNV-ren proposamen ekonomikoaren aurkezpena egin du, Lanbide Heziketako Tolosako eta Usurbilgo zentroetara eginiko bisiten testuinguruan. Bisita hauen helburua da LH-ko profesional eta ikasleen bizi duten errealitatea gertutik ezagutzea, eta Gipuzkoak aurrean dituen erronka sozio-ekonomikoen inguruan aritzea. Markel Olanok defendatu du “Lanbide Heziketak jokatzen duten papera indartzea beharrezkoa dela talentua eta heziketa-eskaintza, enpresa munduko beharrekin lotzeko”.

Olanok baieztatu du, “etorkizunean egingo dugun bezala”, azken lau urtean Gipuzkoako Foru Aldunditik “enpresen laguntzetan sakondu dugu, etorkizuneko sektoreen, kalitatezko enpleguaren eta talentuaren aldeko apustua eginez; euren beharrak entzunez eta horiei erantzuna emanez”. Hautagaiak gehitu du: “Ezinbestekoa da LH-ren aldeko apustua egiten jarraitzea, Gipuzkoako enpresa-ehunaren eskakizunak, eskaintzarekin parekatzeko” Horretarako, Olanok dio, elkarlanean oinarrituta, beharrezkoa dela “talentua sortu, erakarri eta atxikitzeko estrategia koordinatu eta partekatu batean aurrera egitea. LH eta formakuntza duala, enpresek euren plantilletan zenbait profil txertatzeko duten premiari erantzuten ari dira dagoeneko”.

“Lurralde osoa norabide berean lerrokatu dadin, kolaborazio logikak garatzeko guneak sortu nahi ditugu”, jarraitu du Olanok. “Lanbide Heziketak paper erabakigarria jokatzen du enpresek behar dituzten profil horiek sortzen, eta eskaintza formatiboaren eta enpresen aldetik behar dituzten profil horiek sortzen, eta eskaintza formatiboaren eta enpresen aldetik datozen eskakizunen arteko lotura estutzen”. Horregatik, hautagaiak gobernantza eredu berri batean sakontzeko beharra azpimarratu du, “eskualdeekin batera Gipuzkoaren garapen sozio-ekonomikorako politikak garatzeko. LH sareak lurralde estrategian eta politika publikoen garapenean parte hartu dezan jarraituko dugu lanean”.

Hautagaiak balioan jarri du Gipuzkoako LH-ko zentro publiko eta pribatuek osatzen duten sare “sendoa”, “europar abangoardian dagoena, izan ere, elkarlanari esker, gizarte aurreratuetan estrategikoak diren erronka eta sektoreetan proiektu berritzaileak garatzen ditu”. Olanok gehitu du LH-k “lurraldea egituratzen” duela, eskualdeetan “lehen mailako eragilea” dela, eta “lurraldearen etorkizuneko sektoreetan bultzatzen, indartzen eta sustatzen jarraitu behar dugun balio bat” dela.

“Pertsonen talentua gizarte-eraldaketaren motorra da, eta hori dela eta talentu horren kudeaketa egoki bat egiten jarraitu behar dugu, enpresen behar eta eskakizunetara konektatuz”, laburbildu du Markel Olanok. “Hain zuzen ere, hori izango da gure industria eta ekonomiaren erritmoa mantentzeko giltzarria; Lanbide Heziketan talentuaren aldeko apustua egitea Gipuzkoako etorkizun ekonomikoaren bermea da”.

“EAJ-PNVrentzat lehentasun osoa du lurraldeko industria indartzeak”

ARRASATE. EAJ-PNVren diputatu nagusirako hautagaiak, Markel Olanok, Mondragon Unibertsitateko I+G+b instalazioak bisitatu ditu gaur, ondoan izan duela Maria Ubarretxena, Arrasateko alkatea eta berriro alkate izateko hautagaia. Bisita eta gero egindako adierazpenetan, Olanok gogorarazi du EAJ-PNV dela alderdi bakarra “lehentasun osoa” ematen diona lurraldeko industria eta enpresa ehuna sendotzeari. “Izan ere, modu horretan bakarrik lortuko dugu gure ekonomia are gehiago indartzea, enplegu gehiago eta gero eta hobea sortzea, beti ere gizarte politikak bermatzen jarraituta”, berretsi du.

Egungo diputatu nagusiak adierazi duenez, lurraldea “duela 4 urte baino indartsuagoa da, preseski gure ekonomiak aurrera egin duelako, lehiakorragoa delako eta ausardiaz nahiz estrategia argi batekin heldu dielako 4.0 berrikuntza nahiz industriaren aldeko apustuei”. Olanoren ustez, “funtsezko” alderdiak dira horiek enpresa gipuzkoarrek “mundu osoko merkatu zorrotzetan lehian jarraitu dezaten”. Horren harira oroitarazi du, “kemen” horren ondorioz, enplegu tasa jaitsi egin dela, duela lau urteko %13tik gaur egungo %8ra.

“Batzuk enpresetara mesfidantzaz hurbiltzen dira; guk, aldiz, hurbiltasuna eskaintzen diegu; batzuek ekintzailetzari bizkar ematen diote; guk, berriz, babesa eskaintzen diegu negozio berri bati heltzen dietenei; batzuek ez dute proposamenik ekonomia arloan; guk, ordea, estrategia garbia eskaintzen diegu industria eta berrikuntzaren alde, enplegu gero eta hobea sortzeko”, konparatu du Olanok.

Diputatu nagusiak gaineratu du hurrengo hauteskundeetan, gipuzkoarrek “bi ereduen artean” aukeratu beharko dutela gai ekonomikoei heltzeko: mesfidantzarena enpresarekiko, alegia, ezker abertzalearen eredua; eta EAJ-PNVren eredua, “babes osoa” eskaintzen diena industriari, ekintzailetzari eta berrikuntza zentroei.

Mondragon Unibertsitateko I+G+b puntako instalazioak bisitatu eta gero, Arrasateko Uribe auzoan, diputatu nagusirako hautagaiak nabarmendu du Gipuzkoak “arrazoi asko” dituela mugimendu kooperatiboaz, oro har bere industriaz  eta bere berrikuntza sareaz “harro sentitzeko”. Gehitu duenez, “potentzial berritzaile guzti horri esker”, lurraldea “erreferente eta abangoardia” bihurtu da berrikuntzan, digitalizazioan eta 4.0 industrian. “Are gehiago, Euskal Herri mailan, eskualde berritzaileenetakoak ditugu, Debagoiena buru dela, hain zuzen, %47,1 enpresa berritzaileak dira, hamar langile edo gehiago dituztenak”.

Era berean, Olano lurraldeko I+D+I sareak “indartzen eta sustatzen” jarraitzearen alde agertu da, eta “elkarlan bide berriak bultzatuta” enpresen eta ezagutza aurreratua sortzen duten nukleoen artean, berrikuntzan “abangoardia” izaten jarraitzeko, Gipuzkoako etorkizun industriala bermatzeko ekonomia globalean “gerta litezkeen aldaketen aurrean”, beti ere enplegu gehiago eta gero eta hobea sortzen jarraituta.

Anbizio handiko proiektua Arrasaten

Hautagai jeltzaleek berrikuntzaren aldeko apustua berretsi dute Mondragon Unibertsitateak Arrasaten dituen laborategi teknologikoak bisitatu ondoren. Olanok eta Ubarretxenak ezagutu dituzte MUren berrikuntza teknologikorako estrategia eta instalazio berriak, Arrasateko Udalarekin eta gainerako erakundeekin lankidetzan. Babes honi esker, Mondragon Unibertsitatearen laborategiak goi mailako teknologia industrialaz daude hornituak, tankera honetako zentro europarrekin konparagarriak.

Arrasateko Udala, Maria Ubarretxena egungo alkatearen eskutik, elkarlan estuan aritu da Mondragon Taldearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin, lehengo Trefasa fabrika -Gautxori zonaldean- prestatzeko eta egokitzeko, instalazioen multzoa bertan kokatzeko. Nahiz eta badiren hamabost bat urte Mondragon Unibertsitateak bertan espazio bat duela, orain arte eraikin bat baino ez zegoen egokitua, lantegiak, departamentuak eta, batzuetan, ikasgelak izateko.

Plan honetaz mintzo, Maria Ubarretxenak, egungo alkate eta alkate izateko hautagaiak, azpimarratu du Arrasatek dituenen artean “anbizio handienetakoa” dela honako proiektu hau. “Elkarlanaren” garrantzia ere goraipatu du, “halako proiektu bati heltzeko”. Baita ere azaldu du proiektuak balioko duela bai herritarrentzako toki berriak sortzeko bai Arrasate nahiz Debagoienako enpresa industrialen “premiei erantzuteko”, beti ere “punta-puntako teknologia erabilita”.

Instalazio hauei esker, Mondragon eta Debagoienako enpresek, zeintzuekin Mondragon Unibertsitatea lankidetzan aritzen den, beste urrats bat egin ahalko dute. Batetik, zenbait kooperatiba dira, hala nola, Fagor Arrasate, Fagor Ederlan, Ulma Packaging y Ulma Handling, LKS, Copreci, Mondragon Assembly, Fagor Automation, etab; eta bestebik, koopertatibak ez direnak ere: JMA, Ekide o Polmetasa, etab.

“Beharrezkoa da Lanbide Heziketa indartzea Gipuzkoako etorkizun industriala bermatzeko”

Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia eta EAJ-PNVren berrautaketarako kandidatua, Gipuzkoako Lanbide Heziketako 34 zentroetako arduradunekin batzartu da gaur goizean Tknikan, Errenterian, baita Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailduruordearekin ere. Topaketaren helburua izan da Gipuzkoak aurrean dituen erronka sozio-ekonomikoen inguruan aritzea, LH-k egun bizi duen egoeraren inguruko ideiak eta hausnarketak partekatzea, eta etorkizuneko erronken aurrean jarduera lerroak aztertzea. Olanok baieztatu du, Gipuzkoako errealitatea kontuan izanda, “Lanbide Heziketa indartzea beharrezkoa dela Gipuzkoako etorkizun industriala eta sozio-ekonomikoa bermatzeko”.

Markel Olanok adierazi du sektore industrialak Gipuzkoako ekonomia egituratzen duela eta “gure industria indartzearen aldeko apustu sendoa egiten jarraitu behar dugula. Gipuzkoako gizarteak ekonomia lehiakorra, ezagutzan oinarritua eta dinamikoa izatea nahi dugu; etorkizunerako giltzarri izango den ekonomia bat izango duena, pertsonetan, beren ezagutzetan eta gaitasunetan oinarritua”. Lan horretan, hautagaiaren hitzetan, “Lanbide Heziketak paper erabakigarria jokatzen du” eta gehitu du LH Gipuzkoan “europar abangoardian dagoela, izan ere, elkarlanari esker, gizarte aurreratuetan estrategikoak diren erronka eta sektoreetan proiektu berritzaileak garatzen ditu”.

Zentzu horretan, bileraren lehen zatian, Markel Olanok Lanbide Heziketa etorkizuneko sektore estrategiko horien garapenean txertatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du: “Oso garrantzitsua da LH-k sektore horien aldeko apustua egiten jarraitzea eta horien garapenaren parte izatea, hala nola, zibersegurtasunean, elektromugikortasunean, gastronomia digitalean edo biozientzietan”. Hautagaiak gogorarazi du Tknika eta LH-ko beste zentro batzuk etorkizuneko erronka horiek osatzeko martxan jarritako lurralde estrategietan “aktiboki” parte hartzen dutela, eta eragile “oso garrantzitsua” dela enpresa-ehunaren eskakizunak, eskaintzarekin parekatzerako garaian, baita enpresa ertain eta txikien egokitzapen teknologikoan ere.

Olanok esan duen bezala, egungo legegintzaldian, Gipuzkoako Foru Aldunditik enpresen laguntzak sendotu dira, “etorkizuneko sektoreen eta talentuaren aldeko apustu irmoa eginez: gure industria eta ekonomia indartsu mantentzeko giltzarriak”. Talentuaren gestioaren inguruan, Olanok adierazi du “LH-ren aldeko apustua egitea ezinbestekoa dela Gipuzkoako enpresen eskaria, eskaintzarekin konektatzeko”. “Profesionalez, enpresez eta erakundeez osatutako pertsona sare bat osatu nahi dugu, Gipuzkoa bizitzeko eta lan egiteko geroz eta lurralde erakargarriagoa izan dadin”.

Helburu hori lortzeko, Olanok adierazi du beharrezkoa dela elkarlanean oinarritutako estrategia koordinatu eta bateratu bat izatea “talentua sortu, erakarri eta atxikitzeko”. LH eta formakuntza duala, enpresek euren plantilletan zenbait profil txertatzeko duten “premiari” erantzuten ari direla gehitu du. “Zentzu horretan aurrera egiten jarraitu behar dugu”, Lanbide Heziketara, eta ondorioz, Gipuzkoako industriara, “emakumeen talentua” erakartzeko “ekimen berriak” martxan jartzeko beharra nabarmenduz.

Hautagaiak balioan jarri du Gipuzkoako LH-ko zentro publiko eta pribatuek osatzen duten sare “sendoa”, “lurraldea egituratzen duelako, eskualdeetako lehen mailako eragileak direlako, eta lurraldearen etorkizuneko sektoreetan bultzatzen, indartzen eta sustatzen jarraitu behar dugun balio bat delako”. Horregatik, eta amaitzeko, Olanok azpimarratu du “lurralde osoa norabide berean lerrokatu dadin, kolaborazio logikak garatzeko guneak sortu nahi ditugu”. Zentzu horretan, Lanbide Heziketak paper erabakigarria jokatzen du enpresek behar dituzten profil horiek sortzen, eta eskaintza formatiboaren eta enpresen aldetik datozen eskakizunen arteko erlazioa estutzen. “Eskualdeekin batera Gipuzkoaren garapen sozio-ekonomikorako politikak garatzeko gobernantza eredu berri bat” edukitzearen beharra nabarmendu du hautagaiak. “Horregatik, LH sareak lurralde estrategian eta politika publikoen garapenean parte hartu dezan jarraituko dugu lanean”.

Olanok Gipuzkoako ekintzailetza-ekosistema balioan jarri du eta ekonomia “aurreratu eta indartsua” eraikitzeko oinarria dela defendatu du

Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusia eta berrautaketarako kandidatua denak, Miramongo Parke Teknologikoan dauden CounterCraft eta Deneb Medical startup-ak bisitatu ditu, lurraldearen etorkizunerako estrategikoak diren sektoreetan aitzindari direnak: zibersegurtasunean eta biozientzietan. Olanok nabarmendu du Gipuzkoak startup-en eta enpresa berritzaileen ekosistema “dinamikoa, berritzailea, oso aberatsa eta etorkizunera begiratzen duena” duela, eta “ekonomia aurreratu eta indartsu bat eraikitzeko oinarria” dela gehitu du. Olanok etorkizuneko sektoreetan enpresa berrien sorkuntzaren aldeko apustua egiten jarraitzeko beharra azaleratu du, “giltzarria delako garapen ekonomikorako eta Gipuzkoako enpresa-ehunaren ongizaterako”.

Markel Olanok adierazi du, lau urtean, Gipuzkoako Foru Aldunditik 6M€-tik gora bideratu direla enpresa berrien sorkuntzara, “ekintzailetzaren kultura sustatzen jarraitzea giltzarria da susperraldi ekonomikoan eta honen garapenenean eragin zuzena duelako”. Guztira, urtean 500 enpresa ingururen sorkuntzan lagundu dela gehitu du, eta helburu horretarako, hainbat programa indartu dira, Emekin horien artean, emakumeek sortutako enpresak laguntzea bilatzen duena.

Hautagai jeltzaleak CounterCraft eta Deneb enpresekin egiaztatu du Gipuzkoako startup-ek eta enpresa txiki eta ertainek bizi duten egoera, nazioarte mailan duten posizioa, inbertsioak erakartzeko gaitasuna eta eragile publiko eta pribatuekin aliantzak sortzeko ahalmena. Olanok etorkizunera begirako konpromisoa agertu du eta hauteskunde programan jasotako ideiak partekatu ditu, sustapen ekonomikoarekin, berrikuntzarekin, ekintzailetzarekin eta berrikuntzarekin lotutakoak: “Gipuzkoak egun oinarri teknologikoko eta balio erantsi altuko enpresa-ekimen asko biltzen ditu, eta hauek bultzatzen eta babesten jarraitu behar dugu, inongo zalantzarik gabe”.

“Enpresa hauek, gainera, mundura irekita daude eta kalitatezko enplegua sortzen dute; eta hau, gure ekonomiaren etorkizuneko lehiakortasunerako eta gipuzkoar ororen ongizaterako bermea da. Etorkizuneko ekonomia nolakoa izango den erakusten digute”. Olanok adierazi du nazioartekotzea dela lurraldeko enpresen jardunaren giltzarrietako bat eta gehitu du beharrezkoa dela hori “babesten jarraitzea, eta etorkizuneko sektore estrategikoak sustatzen jarraitzea: elektromugikortasuna, zibersegurtasuna, zahartze osasuntsua eta biozientzien alorra. Azaleratzen ari diren sektoreak dira eta estrategikoak Gipuzkoa indartsu bat eraikitzeko”.

Zibersegurtasuna eta biozientziak

Hautagai jeltzaleak defendatu du “zibersegurtasuna eta biozientzien alorra estrategikoak direla gure lurraldearen etorkizunerako”, Gipuzkoak puntako enpresak dituelako bi alorretan, eta “garrantzitsuagoa” dena, potentzial “nabarmena” erakusten dutena “hazkundean eta jarduera berriaren sorkuntzan”.

Miramongo Parke Teknologikora egindako bisitan, CounterCraft enpresako sortzaileekin bildu da Olano, David Barroso, Fernando Braquehais eta Daniel Brettekin. Zibersegurtasunera dedikatzen den enpresa da, ezagutza lokala sortzen duena alor horretan, baita zibersegutasunerako erantzunak, zerbitzuak eta adimena ere, fokua talentuan eta berrikuntzan ipiniz. Ziber-iruzurrean oinarritutako teknologia garatu duen lehen enpresa izan da CounterCraft, mehatxuen aurrean informazio pertsonalizatua ematen duena, hauen antzematea, erantzun azkarra ematea eta zibersegurtasun kostuak nabarmen gutxitzea ahalbidetzen duena. Sortzaileen hitzetan, CounterCraft enpresaren teknologia nazioarteko hainbat sarirekin aitortua izan da eta liderrak diren 15 partner estrategiko baino gehiago ditu nazioartean, “mundu mailan zibersegurtasunaren industrian duen posizioa berretsiz, erabateko hazkundean dagoena”.

Bisitarekin bukatzeko, hautagai jeltzalea Deneb Medical enpresako egoitzara hurbildu da, Juan Arregi eta Aritz Lazkoz sortzaile eta bazkideekin hitz egiteko. Biozientzien industrian jarduten duen enpresa da, zientzia eta berrikuntza txertatu eta aplikatzen dituena osasunaren arlora. Berrikuntza eta ikerketatik abiatuta, Deneb Medical enpresak kirurgiarako robotika plataforma bat garatzen du, denbora errealean ehunak identifikatzeko gai dena. Arregi eta Lazkozek esan duten bezala, Estatu Batuetara eginiko lehen hurbilketan, oso harrera ona izan du teknologia horrek, kirurgia merkatuko eragileen aldetik, hala nola zirujau eta erreferente diren ospitaleen aldetik; garatzen ari diren sistemaren interesa balioztatuz.

Amaitzeko, Markel Olanok etorkizuneko sektoreetan aurrera egiteko beharra azpimarratu du, “erronka erabakigarria dena gure gizartearen etorkizunerako”, eta errepikatu du “enpresa bakoitzak Gipuzkoa osorako benetan baliogarria den enpresa-ekosistema osatzen dutela”. Batez ere Miramongo Parke Teknologikoan finkatuz “ezagutzaren eta talentuaren sorkuntza epizentro bezala”, 135 enpresa baina gehiago dituena ingeniaritzara, elektronikara, TIKetara, biozientzierata, energiara, zerbitzu aurreratuetara, etab.

“Datozen lau urtetan Gipuzkoa nork gobernatuko duen dago jokoan maiatzaren 26an, EAJ-PNV edo ezker abertzaleak”

DONOSTIA. EAJ-PNVren diputatu nagusi izateko hautagai den Markel Olanok bere hauteskunde kanpainaren edukiak aurreratu ditu gaur, maiatzeko hitzorduari begira, eta esan du “jokoan dagoena datorren lau urtetan Gipuzkoa nork gobernatuko duen” dela: EAJ-PNV edo ezker abertzaleak”. Hautagai jeltzalearen ustetan, ordezkatzen duen alderdia “prestatuena” da lurraldea gobernatzeko, legealdi honetan gertatu denak erakusten duen bezala: “Denentzako gobernatu dugu, modu eraginkor eta gardenean kudeatuz; krisi ekonomia gainditzen lagundu dugu, eta gizarte desberdintasunak murriztu dira; eta geldirik zeuden azpiegiturak martxan jarri ditugu, eta baita Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzen hasi ere”.
Olanoren ustetan, ezberdintasunak nabarmenak dira aurreko legealdiarekin alderatzen badugu, garai hura krisi ekonomikoa, paralisia eta konfrontazio giroak markatu baitzuen. “Aldaketa agerikoa da”, esan du diputatu nagusi izateko hautagaiak, langabeziak bi aldi hauetan izan duen aldea jarriz adibide bezala: %8tik %13ra igo zen Bilduren legealdian, eta ondoren %8 jaitsi berriro ere Markel Olano diputatu nagusi izan zen aldian. “Langabeziaren beherakada egoera ekonomikoaren aldaketaren ondorio da, baina baita ere gure Gobernuak egin duen ekarpenarena, krisiaren gogorrena gainditzeko gure enpresen alboan egoten jakin izan baitugu”, adierazi du.
EAJ-PNVren hautagaiak kazetariekin egin duen gosari informatibo batean hartu du parte gaur goizean, Gipuzko Buru Batzarraren egoitzan, hurrengo hauteskunde kanpainan defendatuko dituen lan lerro eta ideiak aurkezteko. “Konfiantza itsua daukagu Gipuzkoako lurraldean, bere gizarte egituran, gure ehun ekonomikoaren gaitasunean… Oso lurralde indartsua gara, sendoa, etorkizuna duena, erakundeetatik elkarlanerako jarrerarekin laguntzea behar duena. Hori izan da orain arte izan dugun lan egiteko estilo, eta hori izango da aurrerantzean izango duguna ere”, azpimarratu du.
Gainera, aurreko igandeko hauteskundeak ere izan ditu hizpide Olanok. Bertan, esan duenez, euskal gizarteak “erreakzionatu” egin du Estatuko zenbait alderdiren xenofobia eta zentralismo erradikalaren aurrean. “Euskal gizarteak EAJ-PNV babestu du, jendeak autogobernuaren eta gure erakundeen defentsarekin identifikatzen baikaitu”, adierazi du. Honela, hurrengo hauteskundeei begira, Olanok tentsio mantendu eta ez erlaxatzeko deia egin du, “leia oso estua izango baita Gipuzkoan, batez ere bi proiekturen artean: EAJ-PNVrena eta ezker abertzalearena”.

Herritarrek baloratzen dute Gipuzkoa hobeto kokatuta eta sendoago dagoela duela lau urte baino

“Gipuzkoa gaur egun askoz hobeto posizionatua eta sendoago dago duela lau urte baino, eta EAJ-PNVk lanean jarraituko du datozen lau urteotan lurraldea are gehiago kohesionatzeko”. Modu horretan baloratu du Markel Olano diputatu nagusi eta foru hauteskundeetarako EAJ-PNVren hautagaiak azken lau urtetan bere gobernuak egindako kudeaketa lana Gipuzkoako Foru Aldundian. Bere gobernuko bost kide jeltzaleekin egindako lan topaketan, Olanok nabarmendu du Gipuzkoak 2015etik bizi izandako “eraldaketa”, “izan ere, paralisi eta konfrontaziotik kudeaketa onera eta herritarrekin egindako elkarlanera pasa gara; eta horri esker, lurraldea sendotu dugu”.

Horren harira, EAJ-PNVren hautagaiak zenbait adibide aipatu ditu, tartean Gipuzkoak emandako “salto kualitatiboa” ekonomiaren eta bide azpiegituren arloan. Batetik, azpimarratu du lurraldeak krisialdi ekonomikoa atzean utzi duela, bere egitura ekonomikoa indartu duela, “enplegua sortuta, eta horri esker Gipuzkoa gaur egun lehiakorragoa dela eta inbertsioen erakargune bihurtu dela”. Bestetik, azpiegiturei dagokienez, Deskargako autobia berria izan du bereziki hizpide. Era berean, “luzaroan hainbat eskualdetan kontuan hartu gabeko aldarrikapenei erantzun diegu, hobekuntza proiektuak martxan jarrita Azkoitia-Urretxu eta Deba-Mutriku errepideetan”, gogorarazi du Olanok. Eta gaineratu du “horiek guztiak duela lau urte hartutako konpromisoak direla, Foru Aldundi honek bete egin dituena, ezustekorik edo aitzakiarik gabe, kudeaketa on baten erakusgarri”.

Era berean, Olanok hondakinen kudeaketaren auzian jarri du azpimarra. “Izan ere, duela lau urte gai hori enkistatua zegoen eta gizarte krispazioa sortzen zuen”. Hautagai jeltzaleak oroitarazi du foru gobernuak lanari ekin ziola “legealdiaren lehenengo egunetik bertatik”, arazo honi konponbidea emateko, eta hor ere “hitza bete” dutela. “Herritarrek politikarioi eskatzen digutena da kezkatzen dituzten arazoei konponbidea ematea, arazo berriak sortu gabe. Ba horretan aritu gara, hain zuzen, azken lau urteotan, arazoei irtenbidea ematen, eta gipuzkoarrek eskertu egiten digute hori”, argitu du.

Bestalde, Olanok azpimarratu du “zer egiten den bezain garrantzitsua dela nola egiten den”, eta horretan ere Foru Aldundiaren ekarpena “oso positiboa” izan dela. Diputatu nagusi izateko hautagaiak adierazi duenez, lau urte hauetan “apustu egin dugu politika egiteko modu berri baten alde”, eta hori Etorkizuna Eraikizen gauzatu da. “Hain zuzen, ekimen honen bitartez, lanean ari gara Gipuzkoak epe ertainera eta luzera dituen erronkei erantzuteko, beti ere elkarlanean arituta: 33.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute jada proiektuan, eta ehunka dira parte hartzen ari diren eragile ekonomiko eta sozialak”, esan du.

 

Gipuzkoa indartzen jarraitu

Olanok azaldu du Etorkizuna Eraikiz ekimenari esker, lurraldeak orain agenda politiko berria duela, garai berriek ekarritako erronkekin bat eginda. “Eztabaidagai antzuak atzean utzi, eta proiektu estrategikoak plazaratu, proposatu eta abiarazi ditugu, besteak beste, mugikortasun eredu berrien gainean, edo garrantzi handiko erronkei erantzuna ematen dietenak, esaterako, bizitzen ari garen iraultza demografikoa”, agertu du, horrek guztiak ekarri duen “aurrerapena” nabarmenduta. Dena den, ohartarazi du “iraupen lasterketa baten aurrean gaudela Gipuzkoan atzean geratu ez dadin, eta horretarako egunero lanean jarraitu beharko dugula”.

“Horregatik, nire konpromisoa hautagai modura, eta EAJ-PNVrena, da Gipuzkoa finkatzen jarraitzea da, sendoa ekonomikoki eta gizarte zerbitzu gero eta indartsuagoekin”, adierazi du hautagai jeltzaleak, zeinaren lehentasunen artean ere baden Foru Aldundiaren beraren eraldaketa lortzea. “Gaur egun, foru erakundeak belaunaldi aldaketa bizi du, inoiz ez bezalakoa. Horregatik ahalegin guztia egingo dugu prozesu horrekin arrakasta lortzeko, eta gipuzkoarren errealitateei eta beharrei egokitutako erakundea lortu dezagun”, esan du. “Horretan jardungo dugu datozen lau urteotan. Eta horregatik eskatu nahi dugu bide ematea mahai gainean jarri dugun proiektu politikoari, Gipuzkoa sendoago bat lortu dezagun”, gaineratu du.

Azkenik, azpimarratu du azken lau urteotan bizikidetza arloan izandako hobekuntza nabarmena, lurraldeko herri eta auzoetan zegoen sumina nabarmenki gutxituta. “Jakin badakigu elkarlanean aritzea dela bidea etorkizuneko erronkei heldu diezaiegun, talde-lana baita indartsu egiten gaituena”, amaitu du.

 

EAJ-PNV da Espainiako politikaren hondatzearen aurrean dugun segurtasun sistema

Markel Olanok, gero eta gizarte berdinagoa eraikitzeko, industriaren lehiakortasunaren eta kohesio sozialaren alde lanean jarraitzeko beharra azpimarratu du gaur Arrasaten, han egin den ekitaldi politikoan. Horrela defendatu du Gipuzkoako eta Euskadiko eredu sozio-ekonomikoa, Estatuko xenofobiaren eta ultraeskuinaren egungo hazkundeari aurre egiteko berme gisa.

Olanok gogorarazi duenez, “Estatuan eta Europa mailan desberdintasun sozialak handituz doazen une honetan, Gipuzkoan eta Euskadin, aldiz, murrizten ari dira”. Azaldu du “xenofobiak eta ultraeskuinak desberdintasun hauetatik edaten” dutela, eta “armak eramateaz” hitz egiten dutela “herritarren artean beldurra, mesfidantza eta zatiketa zabaltze helburuarekin”. Bien bitartean, “hemen zarata handirik ateratzeke, desberdintasunak gutxitzen doaz”, esan du. Egoera hau, “eredu propioa dugulako” gertatzen dela adierazi du Olanok, “gure industriaren lehiakortasunean eta kohesio sozialean oinarritutakoa”. “Hori da gure bidea, Gipuzkoa sozialki eta ekonomikoki sendotzen jarraitzea”, aldarrikatu du, “hori da ultraeskuinaren eta xenofobiaren aurkako txertorik onena”. Estatuko politikaren “zarataren eta nahasmenaren aurrean”, Markel Olanok adierazi duenez, “hauteskunde hauetan ez gaude ultraeskuinari aurre egiten, Espainiako politikaren hondatzeari eta populismoari baizik”. “EAJ-PNV da deriba honen aurreko segurtasun sistema”, aldarrikatu du hautagaiak.

Hala, egungo Gipuzkoako diputatu nagusiak agertu du momentu honetan gure lurraldeak duela 4 urte baino ekonomia sendoagoa eta gizarte orekatuagoa daukala. Horren “meritu nagusia”, azaldu du, “gure enpresetan eta kooperatibetan lan egiten duten pertsonei dagokie, “egunez egun produktuak hobetu eta gure industriaren aurrerabidean lan egiten dutenak, “bai europar merkatuetan, zein Txinan, Australian, Mexikon ala Estatu Batuetan”. Gure gizartearen antolaketari ere egotzi dio diputatu nagusirako hautagaiak egoera hau, azalduz, “gizarte antolatua” dugula; alde batetik “dagokiona eskatzen duena”, baina, bestetik, egoera ahulenean daudenen bizitzak hobetzeko euren talentua eta denbora ematen ere badakiena”.

EAJ-PNVren proposamena, Olanok azpimarratu duenez, “eredu sozial eta ekonomikoki horri bidea ematea da”, herritarrekin kolaboratuz, “pertsona guztiek euren bizi-proiektua garatu ahal duten Gipuzkoa hori eraikitzen jarraitzeko”.

Hitza bete dugu

EAJ-PNVren eredu honi, “Estatuan bizi duten noraez eta zarata etengabea” deitu dion horri kontrajarri dio Olanok eta ohartarazi du Gipuzkoan ere bizi izan zela “paralisi eta enfrentamendu egoera hori” aurreko legealdian, Bilduk Aldundiaren gobernua hartu zuen garaian.

“Lau urte geroago, gizarteari eman genion hitza bete dugu”, esan du Olanok. Adibiderik onena, haren esanetan, Deskargako obra da. EAJ-PNV Aldundira iritsi zenean geldi aurkitzen zen obra bat zen, “arriskuak sortzen zituen eta lan teknikoki oso konplexua behar zuena”. “Kudeaketa oso eraginkor baten ostean, errepidea datorren asteartean irekiko dugu eta Debagoiena bezalako eskualde klabe baten komunikazioak hobetuko dira, gure enpresen lehiakortasuna hobetuz”.

Halaber, berak zuzentzen duen Aldundiak ekonomia suspertzeko egindako lanari balioa eman dio Olanok, “enpresei egin dituzten apustu berrietan laguntzeaz gain, etorkizuneko industriaren oinarriak izango diren sektoreen alde eginez”. Gizarte politiketan egindako lana ere nabarmendu du Olanok Arrasaten, Elkar-EKIN plana hizpide hartuta. “Plan honek, enplegu duinaren bidez, erantzuna ematen die bazterketa ala pobrezia arriskuan dauden pertsonei, lan-prekarietatetik ateratzeko zailtasun handiak dituztenei, hain zuzen”.

Konpromisoaren eta gazteen talentuaren alde egiten dugu, Gipuzkoa aurrera jarraitzeko

Markel Olanok bere web orri berria aurkeztu du gaur, datorren maiatzaren 26ko hauteskundeetara begira egina (www.markelolano.eus).  Gipuzko Buru Batzarraren egoitzan, hogeita hamar bat gazterekin sare sozialei eta ingurune digital berriari buruz egindako topaketan egin du aurkezpena diputatu nagusiak.

“Diseinu erraz, bisual eta intuitiboa dauka, eta iraganak, orainaldiak eta etorkizunak bat egiten dute bertan, legealdi honetan izandako lorpenak zein datorrenerako ditugun proposamen nagusiak jasotzen baititu web orriak. Datozen foru hauteskundeei begira, gure komunikazio erreminta nagusia izango da”, azaldu du hautagai jeltzaleak. Olanoren ustetan, plataforma berriari esker “herritarrekin dauzkagun komunikazio kanalak indartuko dira”, bi helbururekin: “gure proposamenak era argi eta erakargarrian aurkeztea, batetik, eta partaidetzari atea irekitzea posta elektronikoa eta sare sozialen bidez, bestetik”.

Olanok gogorarazi duenez, lurralde osoan zehar, herritarrekin eta eragile sozialekin eta ekonomikoekin egindako topaketak “funtsezkoak” izan dira Gipuzkoarentzat estrategikoak diren proiektuak abiarazteko.”Gipuzkoak aurrera egiten jarraitzeko proposamenak diseinatu eta auzatzeko ezinbestekoak da gazteen parte-hartzea eta inplikazioa”. Hain zuzen, azken urteotan, ugariak izan dira Etorklizuna Eraikiz egitasmoaren barruan egin diren lan dinamika eta tailerrak, proposamen eta ideia berriak jasotzeko. “Hau da aurrerantzean ere jarraitu nahi dugun bidea, gazteekin batera egin nahi duguna”, erantsi du Olanok, “euren inplikazioa, konpromisoa eta formazioa Gipuzkoak aurrera egiten jarraitzeko izan ditzakeen bidelagun onenak direlako”.

Webguneak eta sare sozialak, gaur egun, etorkizunerako kolaboratzen jarraitzeko informazio eta komunikazio kanalak dira. Gipuzkoak eta bere administrazioak apustu irmoa egin dute kudeaketa prozesuen digitalizazioan sakontzeko, desburokratizazioa sustatuz eta komunikazio kanal berriak irekitzeko, entzute aktibo batekin, lurraldean benetako komunikate digital bat eratzeko, Gipuzkoa alor digitalean eredugarri bilakatzeko.

Atari berria gaur goizean Gipuzko Buru Batzarrean egin den lan-topaketan aurkeztu du. Batzarraren xedea sare sozialak eta ingurune digital berriak aztertzea izan da, eta bertan 30 bat alderdikide gaztek hartu dute parte. Olanok, bere hitzaldian, azaldu du Foru Aldundiak legealdi honetan apustu garrantzitsua egin duela gobernantza eredu ireki eta elkarlanekoaren alde, eta baita digitalizazioaren alde ere. Gogoratu duenez, Estatuko administrazio digitalik onenaren aitorpena jaso du berriki foru erakundeak. Esperientzia hau guztia oinarri, web orri berria “gertutasun eta gardentasun irizpideei jarraiki diseinatu dugu, betiere gaur egungo gizarteak dituen behar eta eskaerei zorrotz egokituta”.

Olanok gogoratu du EAJ-PNVren hauteskunde proposamenak pertsonak oinarri dituen Gipuzkoa sendoa eraikitzea duela helburu. Horretarako, azpimarratu duenez, ezinbestekoa da ahalegin honetan eragile politiko, ekonomiko eta sozialak eta ahalik eta herritar gehien inplikatzea. “Partaidetza modu berriak martxan jarri behar dira, eta horretan ari gara, gure lurraldeak etorkizunerantz berme guztiekin egin dezan. Horretarako, gero eta pertsona gehiagoren engaiamendua sustatu behar dugu. Web orri berri hau martxan jartzea, honenbestez, testuinguru honetan kokatzen da”, nabarmendu du.

 

Iragana, orainaldia eta etorkizuna

Ataria bost atal nagusitan banatzen da: azala, hautagaia eta bere taldearen profila, legealdi honetako lorpen nagusiak, datozen lau urtetarako proposamenak eta albisteen atala. Orriaren azalak azken berriak jasotzen ditu, Markel Olanok parte hartu duen ekitaldian agenda eta amaitzen ari den legealdi honetan lortutako 50 mugarri nagusien bilduma. Markel Olano atalean, bere aldetik, EAJ-PNVk maiatzeko hauteskundetara aurkeztu dituen zerrendetako buruen biografiak datoz: Markel Olano (Oria), Eider Mendoza (Bidasoa-Oiartzun), Maria Eugenia Arrizabalaga (Deba-Urola) eta Xabier Ezeizabarrena (Donostialdea).

Bestalde, Lau urte hauetan alorrean Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetan lortu dituen aurrerapausoak biltzen ditu, hamar zifren bitartez irudikatuz. Puntu honetan, Olanok gogoratu du bere gobernu taldea foru erakundera iritsi zenean, 2015ean, paralizatuta zegoen Gipuzkoarekin eta gizartearengandik guztiz urrunduta zegoen Aldundiarekin topatu zela. Hala ere, azken lau urtetan egindako lanari esker, “gure lurraldearen ezaugarri diren jarduera eta dinamismoa berreskuratzea lortu ditugu, eta erakundea herritarrekin berriro ere konektatzea, politika egiteko modu berrien alde egin dugun apustuari esker”. Azkenik, Hurrengo lau urteak atalean, Markel Olano buru den hautagaitzak dituen lau lan lerro edo ideia nagusiak biltzen dira: ekonomia gehiago, gizarte zerbitzu gehiago, gure erakundeen defentsa eta politika egiteko era berrien aldeko apustu irmoa.

Ezin dugu Gipuzkoa sendoa eraiki klima aldaketaren erronkari heltzen ez badiogu

EAJ-PNVren diputatu nagusi izateko hautagai den Markel Olanok planetaren berotzea mehatxu garrantzitsua dela gogoratu du gaur, eta alor honetan lanean jarraitzeko bere konpromisoa berritu du, “Gipuzkoa klima aldaketaren aurkako borrokan nazioarteko erreferente izan dadin” eta “ezinezkoa delako Gipuzkoa sendoa eraikitzea klima aldaketaren erronkari heldu gabe”. Honela, gogoratu duenez, zuzentzen duen Foru Aldundiak hainbat dinamika jarri ditu martxan legealdi honetan, hauen artean Naturklima, Gipuzkoako Klima Aldaketaren kontrako Institutua, eta Mubil, Gipuzkoako elektromugikortasun zentroa nabarmenduz. “Erronka honi heldu behar diogu, ezinbestekoa da ondorengo belaunaldiei mundu hobeagoa uztea”, azaldu du.

Olanok gogoratu du berak zuzentzen duen gobernu taldea Aldundira iritsi zenean, 2015 urtean, “paralizatuta zegoen Gipuzkoa batekin topatu ginela, amaigabeko eztabaida antzuetan katigatuta urgentziazko esku hartzeak behar zituzten gaietan”. “Foru Aldundiaren lanari esker, Gipuzkoak irtenbidea eman eta atzean utzi ditu kontu hauek guztiak, eta urrunago ere joan da: agenda politika berria darabil orain, garai berriei eta herritarrek dituzten behar eta erronka berriei egokitua. Esaterako, mugikortasun modu berriak, sektore industrialak dituen mehatxuak, bizi dugun iraultza demografikoa… bezalako gaiak ditu kontuan agenda honek, eta hauen artean dago baita ere klima aldaketaren gaia”, nabarmendu du.

Honela, EAJ-PNVren hautagaiak esan duenez, “Gipuzkoa sendoa eta etorkizuna duena izan nahi badugu, ezin dugu beste aldera begiratu klima aldaketarena bezalako lehen mailako arazo baten aurrean”. Olanok gogoratu du arazoa globala dela, baina gure lurraldean ere sekulako eragina izango duela: aurreikuspenen arabera, Gipuzkoako batez besteko eta muturreko tenperaturak 1,5ºC eta 5ºC artean igoko dira mende bukaerarako, eta itsasoaren maila gure kostaldean metro erdi eta 80 zentimetro bitartean igoko da aldi berean. Gainera, euriari ere eragingo dio fenomenoak, intentsuagoak izango baitira euriteak, baina urriagoak, eta lehorte garaiak ere luzeagoak izango dira.

“Egiazkoa eta gero eta agerikoagoa” den mehatxu honen aurrean, Olanok adierazi du Gipuzkoak klima aldaketari aurre egiteko estrategia propioa jarri duela martxan, Eusko Jaurlaritzaren KLIMA 2050 estrategiarekin guztiz lerrokatuta dagoena. “Ditugun helburu nagusiak dira Negutegi Efektua duten Gasen isurketak murriztea, energia berriztagarrien kontsumoa areagotzea eta Gipuzkoaren erresilientzia hobetzea planetaren berotzeak ekarriko dituen ondorioen aurrean”, esan du Olanok. Egitasmo honetan, Naturklima Klima Aldaketaren aurkako Institutua eta Mubil Gipuzkoako elektromugikortasun zentroak izango duten garrantzian jarri du azpimarra ondoren.

“Gipuzkoa lurralde industriala izanik, esparru honetan ere eraldaketarako estrategia izan behar dugu. Eta hor dago Mubil, gure industriaren transformazioari heltzen diona. Gipuzkoan ahalmena eta ezagutza dauzkagu, eta aukerak daude mundu mailan erreferente izateko”, azaldu du. Puntu honetan, Joseba Agirretxeari eskerrak eman dizkio, honek gogoratu duenez, EAJ-PNVk Kongresuan egin duen lana ezinbestekoa izan baita Mubil proiektuaren aldeko 5,5 milioiko diru-laguntza bermatzeko. “Gizarte osoa inplikatu behar dugu ahalegin honetan”, esan du Agirretxeak.

Honi eutsita, diputatu nagusi izateko hautagaiak ere “gauzak egiteko moduan” ere jarri du azpimarra. “Legealdi honetan politika egiteko modu berri baten alde ari gara egiten, irekiago eta elkarlana zutabe duena, eta lanean ari gara ahalik eta eragile gehien gure etorkizunaren diseinu eta eraikuntzan inplikatzeko”, azaldu du, adieraziz kudeatzeko era hau ere aplikagarria dela klima aldaketaren aurkako borrokara. “Denoi eragiten digun arazoa da eta, beraz, ezinbestekoa da lurraldeko eragile sozial eta ekonomikoen artean aliantzak sortzeko lan egitea, herritarren inplikazioa lortuz ahalegin kolektibo honetan aurrera egiteko”, azpimarratu du.

Estatuaren noraezaren aurrean, Gipuzkoa eta Euskadi indartsu baten alde egiten dugu apustu

Markel Olano EAJ/PNVren diputatu nagusirako hautagaiak nabarmendu du Eibarren “Estatuaren noraezaren aurrean, Gipuzkoa eta Euskadi indartsu baten alde egiten dugula apustu”. “Hau da, Estatuan dagoen muturreko zentralismo eta politika hutsalaren aurrean, gure erakunde sistema eta gure gizartea sendotzearen alde egiten dugu apustu, desberdinkeriaren aurrean eredu eraginkorra bezain jasangarria eraikitzeko”.

Markel Olanok azpimarratu duenez, legealdi honetan Gipuzkoako gizarteari “emandako hitza bete dugu”, izan ere “gure ongizate eta gizarte kohesio eredua indartu dugu, aurreko agintaldiko paralisi, gatazka eta inposizio garai hura atzean utzita”.

Horren harira, gogorarazi du “hilabete honetan bertan Deskargako autobidea amaituko dugula, hondakinen arazoa behin betiko konpondu dugula eta tokiko merkataritzaren kalitatea eta diferentziazioa sustatu dugula”. Gaineratu du industriaren “lehiakortasuna indartu” dutela, eta horrekin lotuta, oso garrantzitsua dela Eibar eta Debabarrena  lehiakortasun ekonomikoa, Eibar eta Debabarrena , berriro punta-puntan egon ahal izatea industria eta teknologian”.

Bestalde, oroitarazi du “Gipuzkoako gizartearekin dugun elkarrizketa eta elkarlana sendotu” dutela. “Proaktiboak izan gara, anbizioa izan dugu eta proiektu garrantzitsuak jarri ditugu martxan, Gipuzkoako etorkizuna prestatzeko”.

Halaber, Olanok esan du agintaldi honetan gizarte zerbitzuen “eredu gipuzkoarra indartu dugula, alde batetik apustu eginez enplegagarritasun aukerak sortzeko, baina ez bakarrik gizarte bazterketa arriskuan edo egoeran dauden pertsonentzat, baita langabezian edo lan egoera prekarioan dauden pertsonentzat ere”. “Eta bestetik, erantsi du- ibilbide orri bat martxan jarri dugu Gipuzkoako gizartearen zahartzeari aurre egin diezaiogun”.

Bestalde, adierazi du Espainiako estatuan zabaltzen ari diren “elkarrizketa falta, muturreko joerak eta noraezaren aurrean, Gipuzkoa indartu behar dugula”. “Izan ere, Estatuko lider eta alderdi nagusiengandik espero dezakegun gauza bakarra dira polemikak, elkarrizketa egoera eta erabateko blokeoa. Ez Sánchez, ezta Espainiako eskuina ere, ez dira pentsatzen ari euskal gizarteak eta gipuzkoarrok gaur egun ditugun desafioetan. Hauteskundeetan soilik gerturatzen dira hona, eta gainera proposamenik gabe etortzen dira, Gipuzkoarako proiekturik gabe”.

Josu Mendikute Eibarko EAJ/PNVko alkategaiak nabarmendu du Eibar lurraldearen “motor ekonomikoa” izan da, eta hala izan behar duela “etorkizunean ere”. Horren ildotik, esan du Eibarrek “proiektu traktoreak” behar dituela, hiria eraldatuko dutenak, eta horri helduko diotela. Eta bestetik, beharrezkoa dela Eibarko espazioei buruz hitz egiteaz gain,  Eibarrek espazioan duen tokiari buruz ere hitz egitea. Izan ere, gure alderdia da horretaz hitz egiten duen bakarra, hau da, nola ikusten gaituzten Gipuzkoan, Euskadin eta Europan. Beraz, lanari ekingo diogu Eibar erreferente izan dadin”.

Amaitzeko, Olanok adierazi du Gipuzkoa “indartsua eraikitzen ari garela ekonomia arloan, kohesionatua gizarte arloan, indartsua erakundeen aldetik; elkarlanean aritzen dakien Gipuzkoa, lurraldeko eskualde guztien artean eraikia, eta gipuzkoar guztion etorkizunari heltzen dakiena”.Horregatik, gizarteari dei egin dio “lankidetzan” jarraitu dezan, “proposamenei eta partaidetzari bide emanez. Hain zuzen, gizartearen inplikazioa lortu eta herritarren partaidetzara ireki ezean, ez du ezertarako balioko”. “Beraz, denon artean eraiki behar dugu etorkizuna, gizartea erdigunean jarri eta aldaketaren lidergoa emanez”,  ondorioztatu du hautagai jeltzaleak.